700 urte ospatzeko prest daude ondarrutarrak
Zazpigarren mendeurrenaren aurkezpen ekitaldia egingo du Ondarroako Udalak domekan, 12:30ean, Latxanbre enparantzan.
Urte berezia daukate aurretik ondarrutarrek; izan ere, 2027an 700 urte ospatuko ditu herriak, eta horretarako, urte guztiko egitaraua antolatuko dute udaletik. Hala, egitarauari hasiera emateko zazpigarren mendeurrenaren aurkezpen ekitaldia egingo dute domekan, 12:30ean, Latxanbre Enparantzan. Euria eginez gero, Kofradia Zaharreko bigarren pisuan izango da.
Iban Bengoetxea kazetariak aurkeztuko du ekitaldia, eta zenbait gonbidatu aterako ditu plazara: ordezkari politikoak zein 700. urteurreneko ekintzetan parte hartuko dutenak. Gutxi gorabehera 40 minutu inguruko iraupena izango duela jakinarazi dute udaletik.
Bengoetxea izango da ekitaldiari sarrera emango diona, eta ondoren, ordezkari politikoen txanda izango da. Besteak beste, Urtza Alkorta Arrizabalaga Ondarroako alkateak hartuko du hitza, baita Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiak eta Leixuri Arrizabalaga euskara eta kulturako foru diputatuak ere. Bertan egongo da Ainara Basurko Ekonomia Sustatzeko Bizkaiko foru diputatua ere. Ondoren, dantza ikuskizuna eskainiko du Garazi Etxaburu herriko dantzariak, eta jarraian, Bengoetxeak elkarrizketa batzuk egingo ditu zuzenean. Horietatik bat Lara Larrañagari egingo dio; izan ere, berak egindako logoa izango da herriaren zazpigarren mendeurrena ordezkatuko duena. Bertan, logoaren nondik-norakoak azalduko dizkio Larrañagak Bengoetxeari zein bertatutako publikoari.
Udaletik adierazi dutenez, elkarrizketa gehiago ere egingo ditu aurkezleak, eta 700. urteurrenaren baitan egongo diren ekintza batzuen berri ere emango da: «Batzuk epe motzera antolatuko dira, eta beste batzuk 2027an». Horrez gain, azpimarratu dute 2027ko irailean emango zaiola amaiera 700. urteurren jaialdiari, herrian ospatuko den Erdi Aro Egunagaz. Herritarrei zabalik dagoen ekitaldia izango da, eta udaletik azaldu dutenez, mundu guztia dago gonbidatuta