Nagore Elu Arantzamendi: "Eskoziako txapeldunaren maillota lortzeak ilusio handia egin dit"
Eskoziako Enduro Txapelketa (SES) irabazi berri du Nagore Elu Arantzamendi ondarrutarrak, lau probetan garaipena eskuratuta. Orain, datozen erronketan jarri du begirada. Horrez gain, Neurozientzia arloko ikerlaria ere bada, eta egunerokotasunean kirola eta lanaren arteko oreka aurkitzearen garrantzia ere azpimarratu du.
Nagore Elu Arantzamendi. Doktoretzako azken hiru hilabeteak egitera joan zen Nagore Elu Arantzamendi Edinburgora, eta bigarren etxea aurkitu zuen bertan; izan ere, otsailean bost urte egingo ditu Eskozian. Gainera, lana ez ezik, Enduroagaz ere egin du topo. Bizikleta gainera igo eta jaitsieretan teknika, abiadura, trebetasuna eta ausardia proban jartzea da bere pasioa. Bestalde, egunerokotasunean lana eta kirola uztartzeko moduaz ere jardun da: Edinburgoko unibertsitatean egiten du lan, neurozientzia arloko ikerlari gisa.
Eskoziako Enduro Txapelketa irabazi duzu. Zelakoa izan da?
Scottish Enduro Series (SES) deitzen da txapelketa, eta lau lasterketak osatzen dute. Egutegi osoa egin dut, Eskoziako hainbat lekutan, eta lau probak irabaztea lortu dut. Horrela, sailkapen orokorra ere irabazi dut nire kategorian, 30 urtetik gorakoenean. Laugarren lasterketa berezia izan da, Eskoziako txapelketa ere jokoan zegoelako. Proba hori irabazten zuenak Eskoziako txapeldunaren titulua lortzen zuen. Beraz, sailkapen orokorra irabazteaz gain, txapeldunaren maillota eskuratzea ere lortu dut.
Ondarrutarra zara, baina Eskozian lortu duzu txapeldun izatea.
Duela lau urte hona etorri nintzenean, ez zitzaidan burutik pasatu ere egin halakorik lortu ahal izango nuenik. Hemen maila handia dago, eta jende askok egiten du kirol hau. Horregatik, poza izugarria izan da. Gainera, Eskozia niretzat bigarren etxea da. Hemen zerbait irabazteko aukera izatea eta oroitzapen hori edukitzea oso berezia da. Eskoziako txapeldunaren maillota lortzeak ilusio handia egin dit.
Aurreikusten zenuen garaipena?
Lehenengo lasterketara joan nintzenean, ikustera eta ondo pasatzera joan nintzen, besterik gabe. Ikusi nuen ondo moldatu nintzela, eta pentsatu nuen egutegiko gainerako probak ere egitea. Aurreko hiru lasterketak irabazita nituen, eta sailkapen orokorra eskuratuta neukanez, nahikoa lasai joan nintzen. Baina Eskoziako txapelketa ere jokoan zegoela konturatu nintzenean, urduri jarri nintzen, eta presioa sentitu nuen. Hala ere, aurreko probetan emaitza onak lortu nituenez, aukerak banituela banekien, baina ibilbide konplikatuetan edozer gerta daiteke.
Aurreko probetan emaitza onak lortu nituenez, aukerak banituela banekien, baina ibilbide konplikatuetan edozer gerta daiteke.
Zelakoa da enduroko proba bat?
Enduroan jaitsieretako denborak neurtzen dira. Normalean, domekan bada txapelketa, zapatuko eguna probatzeko izaten da. Hau da, ibilbidea ikusi eta jaitsierak probatzeko. Hala ere, eguraldia dela eta, egun batetik bestera aldatu daitezke ibilbideko badintzak. Beraz, aurreko egunean probatu ondoren, 09:00etatik 16:00etara arte dugu proba guztia egiteko. Igoerak norberaren erritmoan egiten ditugu, eta jaitsierak dira kronometratuta daudenak. Normalean, sei bat jaitsiera izaten dira, eta bakoitzean egindako denborak batzen dira. Zenbat eta denbora gutxiago behar izan, orduan eta emaitza hobea.

Jaitsieretan segurtasuna eta konfiantza funtsezkoak dira, beraz. Nola prestatzen zara horrelako erronkei aurre egiteko?
Normalean, inguruko lekuetan entrenatzen dut. Edinburgotik ordubetera badago horretarako oso toki ona. Aurten, batez ere, jaitsiera konplikatuagoak egiten eta horietan konfiantza hartzen aritu naiz. Izan ere, azkenaldiko entrenamenduak gehiago izan dira mentalak fisikoak baino. Deseroso sentiarazten nauten jaitsierak egiten ahalegindu naiz, buruak batzuetan ezetz esaten dizun arren. Erronka horiei aurre egin eta egiteko gai naizela sinisten ikasi dut. Asko nabaritu dut hobekuntza konfiantzari dagokionez. Jakina, fisikoki ere sasoian egotea garrantzitsua da. Lasterketa batzuek 30 kilometro inguruko ibilbidea eta 1.400 metroko desnibela edukitzen baitute. Jaitsierak azkar egiteko indarra eta erresistentzia behar dira. Baina aurten, bereziki, buruari aurre egiten eta konfiantza lantzen aritu naiz.
Enduroan, batzuetan, segundo gutxitan erabaki behar da nondik eta zelan jaitsi. Zenbateraino dira beldurra eta adrenalina zure egunerokoaren parte?
Beldurra beti dago. Jaitsiera batzuk oso gaitzak dira, eta zalantzak edukitzen dituzu: gai izango ote zaren jaisteko edo oinez egin beharko ote duzun, askotan mugan ibiltzen gara eta. Nahiz eta lasterketa aurreko egunean ibilbidea ikusi, batzuetan espero gabeko zerbaiten aurrean aurkitzen zara, eta unean bertan erabaki behar duzu zer egin, segungo gutxitan hartu beharreko erabakiak dira. Horregatik, sinistu egin behar duzu egiteko gai zarela. Burua isilarazi, zalantzetan gehiegi ez sartu eta aurrera egin. Eta, bai, adrenalina ere uneoro dago.
Kirol asko probatu dituzu bizitzan, baina enduroak bereziki harrapatu zaitu. Noiz deskubritu zenuen?
Kirol asko egin ditut, eta futbola ere garrantzitsua izan da niretzat. Baina bizikleta dela esango nuke gehien betetzen nauena. Errepidean hasi nintzen bizikletan, eta mendira pasatu nintzenean konturatu nintzen asko gustatzen zitzaidala jaitsieretako adrenalina. Eskoziara etorri eta enduroa ezagutzean ikusi nuen etengabe sentitu nezakeela adrenalina hori, eta horrek harrapatu egin ninduen. Futbolean ere jarraitzen dut, eta beti izango da garrantzitsua niretzat. Halere, uste dut enduroagaz nire kirola aurkitu dudala, gehien betetzen nauena da.
Sinistu egin behar duzu egiteko gai zarela. Burua isilarazi, zalantzetan gehiegi ez sartu eta aurrera egin.
Aurrera begira, zein erronka dituzu buruan?
Datorren urteari begira, enduroko txapelketa berri batean parte hartzeko asmoa daukat. Babesle berri batek enduroko lasterketak hartuko ditu bere gain, eta txapelketa profesionalago bat antolatuko dute. Horrez gain, orain arte egin ditudan tokiko lasterketetan parte hartzen jarraituko dut. Txapelketa berrian, ordea, Eskoziatik kanpoko herrialde batzuetan ere lehiatzeko aukera egon daiteke. Ikusi beharko dut horretarako aukerarik daukadan, ekonomikoki ere gastu handia delako. Gustatuko litzaidake pauso hori ematea, maila profesionalagoa duten kirolarien aurka lehiatzea eta nire burua non dagoen ikustea.
Kirolaren eta zientziaren artean banatzen duzu egunerokoa. Ikertzaile gisa, zertan datza zure lanak Edinburgoko Unibertsitatean?
Neurozientzien arloan egiten dut lan, doktoretza ondoko ikertzaile gisa. Gaixotasun arraroak ikertzen ditugu, eta horiek zergatik gertatzen diren eta pazienteek dituzten sintomak zerk eragiten dituen ulertzen saiatzen gara. Gaixotasun horiek maila molekularrean aztertzen ditugu, eta nire lana, zehazki, gaixotasun arraroen ereduak erabiliz garunean zer gertatzen den ikertzea da. Helburua gaixotasunak hobeto ulertzea da, etorkizunean tratamendu egokiagoak garatzeko bidean aurrera egin ahal izateko.
Nola lortzen duzu lanaren eta kirolaren arteko oreka mantentzea?
Oreka bilatzen saiatzen naiz, biak behar ditudalako osasun mental ona izateko. Lanean egin beharreko orduak egiten ditut, eta handik ateratzean kirola egiten ahalegintzen naiz. Eskoziako negua gogorra da, eta goiz iluntzen du; horregatik, bizikletan ibiltzea ezinezkoa denean, beste kirol batzuk egiten ditut.
Uste dugu zientzia gizartera zabaltzeak askatasuna ematen digula, bai norbanako gisa eta baita gizarte moduan ere.
Zientziaren Giltzak Elkarteko kidea ere bazara. Zergatik da garrantzitsua zientzia herritarrengana hurbiltzea?
Eskozian nagoenetik hainbeste aritu ez naizen arren, Euskal Herrira itzultzen naizenean elkarteko kideekin egoten saiatzen naiz. Gure lelo nagusienetako bat da, zenbat eta gehiago jakin, orduan eta askeagoak garela, jakintzak askatasuna ematen baitigu. Zientziari buruz gehiago dakien eta kultura zientifikoa duen pertsona batek erabaki hobeak hartuko ditu. Horregatik, uste dugu zientzia gizartera zabaltzeak askatasuna ematen digula, bai norbanako gisa eta baita gizarte moduan ere.