Azkue gogoratuz elkartu dira lekeitiarrak Nautika Plazan
Resurreccion Maria Azkueren heriotzaren 75. urteurrena gogoratuz, kantu, musika eta irakurketak uztartu dituzte gaur [azaroak 7] Lekeitioko R.M. Azkue kalean, lehen euskaltzainburua eta hark kulturari egindako ekarpena gogoratzeko.
Nautika Plazan elkartu dira Azkueren heriotzaren 75. urteurrenean. Ekitaldi xume bezain goxoan elkartu dira gaur [azaroak 7] lekeitiarrak. R.M. Azkue kaleko Nautika Plaza izan dute elkargune, izan ere, lehen euskaltzainburu izandako Resurreccion Maria Azkue gogoratu dute. Euskaltzaindiaren ekimenez, kantu, irakurketa eta musika artean elkartu dira herritarrak bertan.
Eguerdi bete-betean eman diote hasiera ekitaldiari. Miren Agur Meabe eta Ramon Urrutia izan dira gidariak, eta beraiekin batera Azkueren hainbat pasarte irakurtzera igo dira oholtzara Lekeitioko Herri Eskolako eta Azkue Ikastolako umeak, Iturriotz Institutukoak gaztetxoak eta baita beste hainbat gazte ere. Ildo beretik, irakurketa Antton de La Lama Lekeitioko Udaleko kultura zinegotziak biribildu du; izan ere, udalak Euskaltzaindiarekin elkarlanean antolatu du ekitaldia.
Hala, denetariko pasarteak irakurri ditute, helburu argi bategaz: “Irakurketaren helburua Euskal Herri osoko kulturarentzat nahitaezkoa izandako figurra erraldoi bat gogoratzea izan da”. Izan ere, “lan ugari” egin zituen Azkuek, arlo askotakoak: hizkuntzalaritza, musika, etnografia, gogoeta erlijiosoak nahiz kazetaritza arloko lanak landu zituen. Halaber, bere bizitzaren hari kronologikoa jarraituz, aldi bakoitzeko testu txiki bat aukeratu dute irakurtzeko. Zenbait jazoera eta pasadizotatik hasi dira, eta ostean, nobela batera pasatu dira. Nobelatik, musika arloan egindako lanetara egin dute salto, eta azkenik, lan etnografikoen inguruan jardun dute; Euskal Herriaren Jakintza liburuan jasotako hainbat sineskera eta erritual gogoratu dituzte.
Irakurketak musikagaz osatu dituzte, denak ere, Azkueren testuak edo Azkueren partiturak izanik. Nadir Barainka oboe jotzaileak, esaterako, Azkuek herri kantutegian batutako hainbat abestiren melodiak jo ditu. Itxaropena Txistulari Taldeko zenbait kidek ere parte hartu dute ekitaldian, eta Azkuek konposatutako Bizkaitik Bizkaira zarzuelaren irekiera jo dute. Estudiantina gazteko talde txiki bat ere igo da oholtzara, eta Azkue aitaren, Eusebio Maria Azkueren, Arrantzalearen kanta jo eta abestu dute. Azkenik, ume talde batek herri kantutegiko hiruzpalau kantu abestu ditu.
Ekitaldian azpimarratu dutenez, Azkuek beti eduki zuen interesa eduki herrikoiak eta kultuak konbinatzeko, eta XX. mendearen hasieran bere ahalegina euskara biziberritzea eta euskara modernizatzea izan zen. Halaber, kulturaren hainbat arlotan egindako ekarpenak nahiz Euskaltzaindiaren sortzaile gisa egindako ekarpena gogoan hartuta amaitu dute omenaldia.
Gaurkoagaz, hasiera baino ez diote eman Azkueren bizitza eta jarduna gogoratzeko ekintzei. Abenduaren 19ra bitarte Azkuerekin lotutako denetariko ekintzak egongo dira Lekeition; besteren artean, erakusketa, musika emanaldiak eta hitzaldiak eskainiko dituzte.