Lea Ibarreko Mankomunazgoak pobrezia energetikoaren azterketa egiteko galdetegia zabaldu du
Amoroto, Aulesti, Gizaburuaga, Mendexa eta Munitibarko herritarrek azaroaren 20ra arte edukiko dute galdetegia betetzeko aukera.
Lea Ibarreko Udal Mankomunazgoa pobrezia energetikoaren azterketa egiten dabil Lea Ibarran, Amoroto, Aulesti, Gizaburuaga, Mendexa eta Munitibarko Udalekin eta Goiener Elkarteagaz elkarlanean. Horretarako, galdetegia jarri dute herritarren eskura, energiaren ikuspegitik eskualdeko etxebizitzen egoera zein den jakiteko helburuagaz, “pobrezia energetikoa identifikatzeko eta horri aurre egiten lagunduko duen informazioa jasotzeko”. Azaroaren 20ra arte edukiko dute aukera herritarrek galdetegia erantzuteko.
Mankomunazgotik azaldu dutenez, galdetegia anonimoa izango da, eta bost minutu besterik ez dira beharko betetzeko. Bi aukera egongo dira horretarako: online edo eskuz, postontzian jasota edo baita bailarako udaletxeetan. Galdetegia betetzeko baldintza bakarra Lea Ibarrako udalerriren batean bizitzea izango da, eta zalantzak argitzeko goiener.soziala@goiener.com helbidera idatzi daiteke.
Lea Ibarreko Mankomunazgoren helburua ahalik eta herritar gehienek parte hartzea da, horrela, analisi sakonagoa izateko. Beraz, galdetegia betetzera animatu dituzte herritarrak.