1975-2025
50 urte.
50 urte igaro dira Frankoren Erregimenak agindutako azken heriotza kondenak gauzatu zirenetik. 50 urte Txiki eta Otaegi fusilatu zituztenetik, bata 21 urterekin eta bestea 33 urterekin. Euskal Herriaren alde, eta batez ere, frankismoaren aurka egiteagatik bi gazte iraultzaile heriotzara kondenatu, eta azkenean, fusilatuak izan ziren. Horregatik gogoratu behar ditugu Txiki eta Otaegi, nortzuk izan ziren jakin eta zergatik fusilatu zituzten gogoratzeko. Izan ere, gauza bat gogoratu behar dugu: beste hiru kiderekin batera frankismoko azken fusilatuak izan baziren ere, ez ziren izan frankismoak hildako azkenak.
50 urte pasatu arren, erregimen frankistak eta zehazki auzitegi militarrek exekuzio horiek gauzatu zituztenetik, fusilamenduek eragindako sufrimenduak, jazarpenak eta urte luzetako bazterketak bizirik iraun dute gaur egunera arte. Nahiz eta 2012an Eusko Jaurlaritzak Txiki eta Otaegi ofizialki «giza eskubideen urraketen biktima» onartu, azken asteetan ikusi ahal izan ditugu aitortzan, justizian eta erreparazioan oztopoak jartzen dituzten zenbait alderdi eta eragile bi militante iraultzaileen aldeko memoriaren eta transmisioaren ekintzak oztopatzen.
Zarautzen (Txikiren herrian), Txiki eta Otaegi oroitzen duen lona handi bat eskegi zuten. Halaber, 24 ordu baino ez zuen iraun, Zarauzko Udalak hura kentzea agindu zuelako. Are gehiago, berriro ere Zarauzko Udalak Txiki eta Otaegiren inguruko erakusketa bat herriko gela batean ospatzeko debekua jarri du. Hori gutxi balitz, Alberto Alonsok, Gogorako zuzendariak, zenbait adierazpen egin ditu esanez gauza bat dela biktima frankistak zirela aitortzea eta beste bat omenaldiak egitea, haiek, indarkeria, beldurra eta terrorea erabili baitzituzten. Aitor Estebanek, EAJko ordezkariak, egindako adierazpenek berriro ere erakutsi zuten Euskal Herrian bigarren mailako biktimak egon badaudela, Txiki eta Otaegi frankismoaren aurkako beste borrokalari batzuengandik bereizi behar direla argudiatu zuenean, Zarautzen egindako ekitaldi batean.
Izan ere, badira eta bagara egunotan milaka euskal gazte (eta ez hain gazte) independentista Txiki eta Otaegi gogoan izan ditugunak, kaleak hartuz eta gure buruak astinduz, beti ere, haien aldarriak kantatuz, inoiz ahaztu ez daitezen. Horren adibiderik argiena dira irailaren 27an, hots, Gudari Egunean, Sortuk deitutako nazio ekitaldian batutako 5.000 lagun baino gehiago. Itziar Aizpuruak aipatu zuen bezala, «borroka baita, lagunok, gure herriarekiko sena, maitasuna eta grina bideratzeko lanabesa».
Beraz, inoiz baino ozenago esaten dugu: milaka gazte gara gure herriaren alde eta Euskal Herriaren askatasunaren alde borrokan jarraitzen dugunak. Bada garaia frankismoak «todo atado y bien atado»-ko korapiloak askatzeko, gu askatzeko, Euskal Herria askatzeko.
Xabier Amurizak Sortuko ekitaldian esan zuen bezala:
«Izan zirelako gira,
garena izanen dira,
hemen gaude haien arnasa
bidaltzeko urrutira».