Bizitzaren gurutzaketaz
Gaueko orduak dira, arkatz eta paper baten aurrean aurkitzen naiz, lokartzen uzten ez didaten gaueko erreflexio amaitugabeetan murgilduta. Atzera begiratzen dut. Baina ez haurtzaroko bizipen nostalgikoetara edota eskola garaietako oroimen errebeldeetara. Paperaren goikaldean 2024ko urtarrila idazten nabil, egindako, gozatutako, ikasitako are negar egindako guztiaz oroitzeko. Bihurtu naizen eta agian bihurtu ez naizen pertsona horretan pentsatzeko. Bidean galdutako pertsona horientzako ere tarte bat atera dut, bai eta batutakoentzat ere. Lehenengo hauei, agur bero bat eta bigarrenei, maitasun tona bat.
Konturatu gabe, egunerokoaren orrialdeak tintaz betetzen ari naiz, poztasunez eta tristuraz beteriko urte honetako bizipen eta gogoeta kontraesankorrak plazaratzen. Izan ere, oraingoan gelditu egin naiz idatzitakoari begira, arnasestuka. Oharkabean, ikara, antsietatea, ahultasuna, ezinegona, baina baita poza, maitasuna, indarra, bakea hitzek letra larriz idatziak papera bete dute, nire aurkari nagusia definitzeko saiakeran. Nire burua. Eta orain bai, malko batek paper zuria busti du. Eta beste bat. Eta beste bat.
Gauzak ez dira beti norberak nahi duen bezala irtetzen. Sumatzen ez ditugun gertakariak kolpetu egiten gaituzte, gure buruan imajinatzen genuen ibilbideari beste helmuga desberdin bat jartzeko. Eta bizitzaren gurutzaketa horretan aurkitu nintzen ni. Galduta, norabiderik gabeko goibeltasunean. Oro har, askotan biziko une txar batetik igarotzen gabiltzala onartzea eta horri aurre egitea ez da izanen hain erraza. Horrenbestez, buruari entzun ordez, artegatasunean barneratzea erabaki nuen bakardadean, irribarre faltsuak eguneko protagonista bihurtuz eta ezinegona gauekoa. Egoerak eztanda egin zuen arte. Laguntza eskatzeko momentua heldu zela esan nion buruari, eta bide ilun horren argia bihurtu ziren pertsonen besoetan besarkatu nintzen.
Orain, ahoz esatea ezinezkoa egiten zaizkidan hitz hauek idazten nabilen bitartean, nire burua hitz batekin laburtzera ausartuko naiz. Indartsua. Bide ilunaren amaiera pentsatutakoa baino askoz urrunago egon bada, eta agian, urrun jarraitzen badu ere, harrotasunez begiratzen diot neure buruari. Egunean-egunean indar berriak hartu, eta datorrenari ekiten diodalako kemenez. Eta bai, egun txarrak ere badaude, baina hauei buru egiten eta ez izkutatzen ikasi dut. Etsaiaren ezinegonak eta itzalpeak irabazi nahi nautenean, olatu berean eskutik pausoan bihotza iraultzen jarraitu duten horietan babesten naiz, nire arnasgunean. Azken finean hori baita bizitzaren bidaia, eroriz bizitza eginez, kolpetik kolpera altxatu.