Burujabetza barik, duintasunik ez
Horrela hasten zen duela hilabete gutxi batzuk jaso nuen mezua: «1.500 euroko gutxieneko soldata propioa ezartzearen alde, martxoaren 17rako Hego Euskal Herriko gehiengo sindikalak greba orokorra deitu du».
Ordutik, Hego Euskal Herriko hiri, herri eta auzo desberdinetan bagara gazte zein heldu asko greba orokorra antolatzen ari garenok. Bagara martxoak 17rako pankartak, eskuorriak eta ekintza desberdinak prestatzen ari garen milaka lagun. Izan ere, badira oraindik beste batzuk greba orokorraren garrantzia ez dutenak ikusten. Edo hobeto esanda, ez dutenak ikusi nahi.
Gaur egun, badira milaka lagun Hego Euskal Herrian 1.500 euro baino gutxiagoko soldata jasotzen dutenak (kontuan izanik ere, gure gutxieneko soldata 1.134 eurokoa dela). Hori gutxi balitz, talde horren barruan nagusiki emakumeak, migratzaileak eta gazteak gaude. Beraz, zergatik da garrantzitsua martxoaren 17an greba orokorrera batzea?
Lehenik eta behin, gazteok gara lan merkatuaren esku merkeena. Lan baldintza prekarioetan izaten gaituzte eta askotan, ez dugu besterik horrek onartzea baino, kontratatzerako orduan, gazte perfilaren aitzakia izugarri entzun dugulako. Bestalde, eta batez ere gure eskualdera begira, azken urteetan ikusi dugu nola zenbait alderdik eskualde honetako arazo guztiak makroproiektu batekin «konpondu» nahi izan dituztela. Alabaina, herri mugimenduaren garaipen baten ondorioz eta makroproiektuaren zentzugabekeriaren ondorioz ere, bertan behera geratu da.
Hala ere, Guggenheim bat eskualdean ez jartzea lortu dugun arrean, gure arazoek hor jarraitzen dute. Bermeo, Bizkaiko bigarren herria da Bilboz geroztik etxebizitza turistiko gehien dituena. Beraz, etxebizitzaren merkantilizazioaren ondorioz, gazteok ezin gara gure gurasoen etxetik irten. Era berean, horrek esan nahi du alokairuaren prezioa izugarri altua dela, eta beraz, gazteok dugun soldata prekarioarekin, emantzipazioa eskubide bat izatetik urrun, Bermeoko gazte askorentzat amets batean bilakatu da.
Eskualdeko beste herrietan egoera ere ez da pozgarriagoa. Mundakan, Gernikan… etxebizitza turistikoen gorakada izugarri handitu da azken urteetan. Era berean, gure eskualdeko turistifikazioaren aitzakiapean gazte asko dira udan tabernetan lan egiten ari direnak, batez ere, hondartza inguruetan. Berriz ere, lan kontratu prekarioekin.
Beraz, guzti honen aurrean, gazteok ezin dugu beste alde batera begiratu. Ezinbestekoa da 1.500 euroko soldataren alde antolatzea. Ez bakarrik gure bizimoduetan positiboki aldatuko duen erabaki bat izan daitekeelako, baizik eta soldataren igoera hori hemen, Euskal Herrian erabaki behar dugulako. Burujabetzaren bidean, SMIa hemen erabakitzea pausu garrantzitsu bat delako. Hortaz, gazte antolatu.
Antolatu zaitez eskualdeko greba komiteetan.
Martxoaren 17an kaleak hartzera goaz.