Funtzionarizatutako lagunak
Sarritan gogoratu izan dot Heinrich Böll idazleak Egunkari irlandarra liburuan idatzi ebana, esate baterako, Txurdinagan, Eibarren, Gernikan, Deustun, Zornotzan edo gure geografiako beste edozein txokotan berbaldi nahiz kontzerturen bat ikusi, eta iluntzean (edo gaba zarratuan, urte-sasoiaren arabera), dana amaituta dagoala, kalera urten eta guzti-guztiak (bai ikusle, bai antolatzaile) desagertu ostean, bakar-bakarrik lotu izan nazenetan.
Afalordua izan ohi da, bederatzietatik hamarrak bitarteko ingurumari hori, asteguna, eta kontzientzia kolektibo bateri eragingo leikion agindu bat entzunda lez desagertzen dira danak nire bueltatik: batzuk isilik eta agurtxu bat esanda; beste batzuk erlojua begiratu eta ezusteko handia jaso dauanaren imintzinoak eginaz; horreez gan, bakarrenak dagoz (normalean, antolatzaileak izaten diranak) atoan alde egitearen arrazoiak agertzen dituenak. Atxaki-katalogoaren barruan, besteak beste, biharamunean goiz esnatu beharra, ume txikia eskolara eroan beharra, beharlekuraino ez dakit zenbat kilometro ibili beharra eta tankerako beste hamar mila dagoz.
Ni, ostera, sarri, etxetik edo herritik ordubete zein ordu t’erdira aurkitzen naz. Hori dala eta, hara ailegau eta afaria prestetako ze ordu txiki izango ete dan luzetsita, behin baino gehiagotan afaldu izan dot, bakardaderik absolutoenean, berbaldi edo kontzertuaren lekuan bertan, edo ondotxuan, edo erdibideko herri are anonimoago baten, edo bidertzeko tabernazulo are bakartiago baten.
Gure arteko hartu-emonak, danonak, hoztu egin diralakoan nago. Benetako adiskideak egiteko garaia joan da, antza. Bakarrik ez sentiduteko garaia. Sorbalda isil baina sentikor bat aldamenean igarteko garaia. Alkarren ezagun (in)perfektuak izatera baino ez gara iristen orain. Gure arteko erlazinoak «profesionalizau» egin jakuz: «funtzionarizaturiko lagunak» gara.
Danok bihurtu gara ekintza kultural baten kontsumitzaile: igorleek berbaldi edo kontzertuak «emon» egiten ditue eta hartzaileek, barriz, «jaso». Entzuleek hiztunen berbak hartu egiten ditue eta, amaieran, txaloak «emon». Transakzino baten mutur biak izatera mugatu gara; baina gizarte sasi-moderno baten bizi garenez, ganadu-ferietan, salerosketea amaiturikoan ospatzen ziran afariak ahaztu egin behar izan doguz, baserritarkeriek gure kulturea gorotz-kiratsez gehiago ez kutsatzeko.
Herri askotako kultura-teknikariak oso larri ibilten dira, daukien aurrekontua amaitu ezinda, zer antolatu ez dakiela: kulturea betelan benetan astuna da eurentzat. Bestaldean, baina, ezagutu izan dodaz talde kultural zeharo dinamikoak be. Udaletxez Kanpoko Erakundeak deituko deutset: kulturea bihotzez eta bueltan deus eskatu barik maite daben eta maitasun hori lau haizetara barreiatu gura daben lantaldeak dira.
Baina idazlea, argi- edo soinu-teknikaria, managerra, gidaria, hiztuna, aktorea, jantzaria, margolaria nahiz musikaria apurtxu bat ezagutzea edo, adibidez, hari afaritan laguntzea ez da ez batzuen ez besteen kultur praktiketan sartzen. Denporea atxaki daukie, irlandarren esana ahaztuta: «Jaungoikoak, denporea egin ebanean, nahikoa egin eban». Guri baino ez jagoku denpora horren jaun eta jaube izatea, askatasun barri baten abiapuntua hortxe kokatzen dalako.