«Haber estudiau!»
Egun on denori. Mikel Retolaza Etxebarria naiz, 28 urte ditut eta munduko hiriburuko bizilaguna naiz. Ez naiz New York, Pekin edo Parisez ari, Busturiaz baino. Munduak «Mikelo» bezela ezagutu arren, argi utzi nahi dut nire izena Mikel dela. Aspalditik gerra galdutzat ematen duen gure ama maiteak hala erabaki zuelako behinola.
Irakaslea, sasi bertsolaria eta aisialdiko saskibaloi entrenatzailea naiz. Aisialdi, denbora libre eta ez hain libreetakoa ere bai. Ez dakit zein den nire kirol maiteari bideratzen diodan ordu kopurua konkretuki, baina ziur nago datua aterako banu beldurra sentituko nukeela.
Pozik eta gustora egiten ditudan gauzetan denboraren nozioa galtzea gauza normaltzat hartu izan dut askotan, ekinean nabilenetan zoriontsua naizelako. Gogoko lekuan, aldaparik ez. Esaera horrek inguruan izan ditudan persona askok baino gehiago lagundu didala esatera ausartzen naiz. Bidean aurkitu ditudan guztiak ez baitira lagunak, baina lagunak dira bidea egiten lagundu nautenak.
Egunak 30 ordu edukitzea gustatuko litzaidake heldu eta egon nahiko nukeen leku guztietara heltzeko. Hori ez da posiblea, baina. Hala balitz, gainontzeko sei ordu horiek ere ardurez beteko nituzke, sarri egunaren orduak luzatzea gauzei ezetz esatea baino errazagoa dela uste dudalako. Egoera aprobetxatuz, testu hau irakurtzen duen norbaitek ezetz esaten ikasteko kurtso edo formakuntzaren bat ezagutzen badu, bidali diezadala kontaktua edo esteka, faborez, oso interesatuta nago eta.
Jakitun naiz gauzak zerrendatu, balantzan jarri eta garrantziaren araberako erabakiak hartzeko unea helduko dela. Gizarteak eragin dezakeen presioagatik baino, nik neuk hala izatea nahi dudalako. Badaukat azken urteak nahi baino bizkorrago joan zaizkidanaren sentsazioa. Onartzen dut jada ez naizela joan den hamarkadako bera eta batzutan gertu nagoela dena popatik bidaltzeko. Besteetan, ordea, hain naiz zoriontsu…
Balantzak berak aitortu dit pena merezi duela uste dudan artean jarraitu beharko nukeela. Eta horrela egingo dut, berez etorriko baita uzteko ordua.
Jende onak egiten du hau saski bat eta baloi bat baino zerbait gehiago izatea. Eta ulertu ezean, lagun handi batek dioen legez… «haber estudiau!».