Ispaster: Halloween eta lotsagabekeria
Halloween eguna dela eta, ez dakigu zelan baina gaztetxoen artean izugarrizko moda sortu da Lekeition Ispasterrera etortzeko. Ispasterren ez dago ohiturarik Arimen Gaua edo Gau Baltza ospatzeko, eta zer esanik ez, askoz gutxiago Halloween. Urriaren 31n ez da inolako jairik ospatzen gure herrian.
Azken urteotan herriko umeak ibili ohi izan dira arratsaldez mozorrotuta «truku-trato» delako horrekin, beste barik. Herritar askok eta askok hori zer zen ere ez zekien.
Iaztik gauza aldatu egin da, eta aurtengoa gehiegizkoa izan da. Ume pila bat datoz Lekeitiotik helduen kontrol eta zaintza barik eta herritarrok dakiguna da, umeak ate joka eta eskean etorriko direla egun honetan. Eta gainera modu txarrean, horrek kezkatzen gaitu. Oso desatsegina egiten zaigu gainera umeekin haserretzen ibili beharra.
Umeek etorri nahi izatea ulergarria da, denok dakigu, gu ere gazte izan garelako, gazteen artean berehala zabaltzen direla horrelako berriak eta are gehiago gozokiak eta dirua tarte badago. Umeak ume, dudarik gabe.
Baina honek dakartzan ondorioak ez dira batere onak ezta gustukoak ere. Egoera honek herrian haserrea eta atsekabea baino ez dakar biztanleengan. Umeak inongo errespetu gabe etxeetako ateak jotzen, bizilagunak beldurtzen eta molestatzen jarrera lotsagabekoarekin askotan, etxebizitzetako pertsianei kolpeka, tinbreak jo erre arte, gaueko orduetan etxe inguruetan zarataka eta oihuka, ortuetara sartu eta bertako ortuaria atera eta bidean bota, arrautzak erosi eta edozein lekutan bota eta apurtu, ingurua zikindu gozokien paper eta poltsak lurrera botaz, ….. Euskeraz ez dut topatzen hitz esanguratsurik baina gazteleraz «desmadre» izango litzake hitzik egokiena. Gainera urtetik urtera egoerak txarrera egin du.
Uste dugu hau onartezina dela. Hau guztia berriro ez gertatzea umeen gurasoen eskutan dago. Herritarrok eskertuko dugu datorren urtean berriro ez errepikatzea.
Eta lehen esan dudan bezala , umeak ume, helduok erantzule.
–Izaskun Juaristi Aldazabal. Ispaster.