LORATUKO DA
Ez da erreza gaztea izatea. Ez da erreza etorkizun argi bat ikustea. Ez da erreza etsipenez beteriko gizarte batean, argi distiratsu bat ikustea. Gazteok egunak pasatzen ditugu ikasten zein lanean, gure egunerokotasuna gaur egungo sistema kapitalistaren edo itotzen gaituen hezkuntza-sistema honen mesedetara egokituta. Hori gutxi balitz, asteko egunak asteburuaren zain pasatzen ditugu, mozkortzeko aitzaki bat bilatu nahian (agian, ostegunarekin ez badugu asteburua aurreratzen jada). Desafekzioz beteriko eszenatoki honen aurrean, milaka gazte elkartuko gara lau egunez gure utopietan aske izateko.
Gazte topagunea badelako militantziatik, konpromisotik eta autogestiotik sortzen dugun espazioa. Eta hori miresgarria da, are izugarria. Izugarria den moduan ikustea topagunean sortzen diren laguntasunak (txanda amaigabe horietan ere, lagunak egiten direlako); hitzaldi desberdinetan lantzen diren problematika guztien aurrean, sortzen diren hausnarketa desberdinak; eta egun horietan sortzen diren elkar zaintzak eta konplizitateak. Egunez egun, amesten dugun Euskal Herri sozialista, feminista eta independentista hori gorpuzten dugulako.
Proiektu baten sinistea baino indartsuagorik ez dagoelako. Urtez urte gu desagerrarazteko eta isiltzeko jarritako oztopo guztien gainetik, borrokan jarraitzen dugulako. Eta jarraituko dugulako. Aldatzeko eta eraldatzeko. Horregatik, urtero bezala loratzera goaz. Gure proiektua loratzera goaz. Gu loratzera goaz.
Gazteon eskutik loratuko delako udaberria.