Nire familiari
Akorduan daukat nire biziko sasoirik makurrenetako bat: xehetasunatan sartu barik, sufrimendua azaldu ezinezkoa zan, gerora ganetik kentzea pilo-piloa kostauko jatan trauma pertsonal baten lehen lorratza. Edozein kalte emozionaletan pasetan dan lez, psikologikoak fisikora bere bidea egin eban eta nire gorputza zelanbateko kartzelea bihurtu jatan. Barroterik bako kartzela bat. Leihorik bako kartzela bat. Sarrera bakarrekoa. Urtenbide gatxekoa.
Udako arratsalde baten, urduritasunak jota, ansiedade krisi bat izan neban; ezkerreko begia bere kabuz zarratzen hasi jatala kargutu nintzanerako, etxeko zoruan botata topau neban neure burua. Oraindino be, ederto gogoratzen dot nire birikak zelan txikitzen ziran eta airea nire barrenean ze pisutsu bihurtzen jatan, ia-ia solido. Horman bermatu nintzan, burua nire beso artean ipini neban eta errekuperetan saiatu, arrakasta barik.
Orduan, mustur bigun eta umel bat nire postureak lagaten eban zirrikitu urriak ikutzen hasi zan. Nerbioz eta negar antzeko mainaz, hamaikatxu saiakera harrigarri egin zituan ni zutuntzeko asmotan: besoak altxatzen saiatu, bere ipurdi dantzaria eskaini, niganako lepoz jesarri –ni babestu gura dabenean egiten daben lez–, egoera makur hartatik urtetako zaunkaka hasi… Ikaratuta ikusi neban eta nire burua lasaitzen saiatu nintzan, modu hartara bera be lasaitu zedin. Ez neban ezelako pilularik edo besarkadarik behar izan; ha ikusteagaz nahikoa izan neban. Ze, holakoa da nire bizia txakurrakaz: nire burua jagotera derrigorten nabe, horixe dalako eurak merezi dabeen lez jagoteko era bakarra.
Eta, orain, ostera, askozaz gehiago hausnartzen dot animaliak euren biziaren zati diran pertsona guztiakan. Ez nabil soilik egunerokotasunari buruz: euren tristezia absolutoenatan, bakardade ez-bilatuatan, azaldu ezin diran atsekabe mingarrienatan –ze, ez, dana ezin leiteke berbaz azaldu, saiatu arren– animaliak epizentro nahiz bidaide dituenengan.
Imajinetan dot orain agure bat, egunero bere txakurra paseatzen dabena, gizonari erritmoa segidu guran geldiro dabilena eta, bazkalosteko lokuluxkean sofan jarrita dagoanean, tximurrez josiriko bere esku handia bilatzen dabena. Imajinetan dot orain bere lau hankako konfidentea eroatea galarazoten deutsien egoitza batera joan beharra daukala eta bere bihotzak apurtzerakoan egiten daben zaratea bertotik entzuten dot.
Imajinetan dot orain tratu txarrak jasoten dituan emakumezko bat, bere erasotzailearen eta pareko erasoak jasoten dituan txakurraren artean ipinten dana, kolpe danak berak jasoteko eta ez, ostera, berak lez ezeren errurik ez daukan animaliak. Imajinetan dot orain andra hori laga ezin daben etxeko atea egunero-egunero zarratzen, bertara itzultzean txakurra kolpatuta topauko ete daben bildurrez, ze ez dauka ha animalientzako zentro batera eroateko kemenik eta dirurik. Imajinetan dot zelan hobesten daben bizi oso batez bera kolpeak jasoten egotea, bere txakurra kolpatua izatearen edo hari betiko agur esan beharraren ganetik.
Eta imajinetan dodaz, ikusten dodaz, etxerik bako pertsona horreek danak, gaueko hotzak izoztuta euren txakurrari sendo besarkatuta lo egitea lehenesten dabeenak, biak alkarregaz sartzea baimentzen ez daben aterpetxe batera epeletan lo egitera joatearen aurretik.
Eta burura jatorstaz udako egun hartan salbau ninduan nire Lur, Kira, Rocky, Haika, Beni, Txiki, Kuskur, Sua, Pantxo, Blaki, Curro, Eguzki, Rooney, Kenai… eta ez naz gai beste ezer imajinetako, ze galdera danen erantzuna beti izango da mingarria.
Eta oraindino zera itauntzen deustie, zer dala-ta dinodan beti txakurrak nire lau hankako neba-arrebak, seme-alabak, konplizeak eta amoranteak dirala…