Oihana Kortazarrek urrezko domina lortu du Skygames mendiko mundu txapelketan, kilometro bertikaleko proban. Lasterketak iraun bitartean bero handia egin zuen arren, sasoi onean dagoela erakutsi zuen, beste behin, Kortazarrek. «Oso pozik nago, izan er...
Kirolez bete-bete dakar zapatua Koaxi triatloi taldeak. Urteroko hitzorduari hutsik egin barik, VII. Gazte Akuatloia eta VII. Triatloi Herrikoia prest dauzkate. Arrigorri hondartzan egingo da gazte akuatloia, 11:00etan hasita. Aurrebenjaminek (2004-2005 urtean jaiotakoak) 125 metro egingo dituzte aringa-aringa, 50 metro igerian eta 125 metro barriro, aringa-aringan. Benjaminek (2002-2003) 250 metro korrikan, 100 metro igerian eta 250 metro korrikan; alebinek (2000-2001) 500 metro korrikan, 200 metro igerian eta 500 metro korrikan, eta txikiek (1998-1999) 1.000 metro korrikan, 400 metro igerian eta 1.000 metro korrikan. Antolatzaileek jakitera emon dutenez, horrek distantziak gehiengoak dira. Parte hartzaile guztiak izango dira irabazleak, eta hortaz, guztientzat egongo da opari bera. Izena hondartzan bertan emon behar da, 10:30etik 11:00etara. Merezitako omenaldia «Ondarroako triatloia antolatzen laguntzen duten bolondresen omenez», arratsalde parteak VII. Triatloi Herrikoia ekarriko du. 17:00etan hasiko da proba, eta distantzia nahikoa laburrak izan arren, parte hartzaileek zati bat bakarrik egiteko aukera edukiko dute. «16 urtetik gorako neska, mutil, gazte zein nagusientzat da egokia, familiartean zein lagun artean», azaldu dute Koaxikoek. Hori bai, bizikletako kaskoa eroatea derrigorrezkoa izango da. Arrigorri hondartzan hasita, Itsasaurrera joango dira igerian, 400 metro inguru eginaz. Gero, kostatik Mendexako bidegurutzera joan eta etorri egingo dute. 15 kilometro gutxigorabehera. Azkenik, Kamiñazpira joan-etorriko 3,5 kilometroko [...]
Gaur arratasaldean hasiko da Lekeition, 2012ko Nazioarteko Kale Antzerki Jaialdia. Danetara, hamaika talde arituko dira gaur hasi eta domekara arte entretenimendua eskaintzen. Euskal Herriko sei talde egongo dira: Gaitzerdi, Hortzmuga, Salitre eta Matrioska talde profesionalak, eta bestetik, Lekeitioko bi ekoizpen propio, Karkabia eta Lekittoko Deabruak. Bestalde, Frantziatik etorriko da Luc Amoros taldea Page Blanche arte-lan ikusgarriagaz, Uruguaytik dator D’Ailleurs taldea eta Kataluniatik bi ordezkari: Industrial Teatreraren asmamen zorrotza, eta Trifaldo konpainiaren zirku berria. Amaitzeko Gaztela aldetik dator Zanguango taldea, errealitatea eta fikzioa nahasteko duen trebetasuna erakusteko. Atzo aurkeztu zuten jaialdia Lekeition Imanol Agirre jaialdiaren zuzendari artistikoak eta Gorka Rodriguez Lekittoko Deabruak taldeko kideak. Bestalde, domekan, jaialdiagaz bat egingo duen kataluniako herri tradizioko Castellerrak egongo dira 14:00etan, plazan. Egitaraua: BARIKUA 19:30ean, plazan. HORTZMUGA (Euskal Herria). Libertia: txotxongiloak, panpina handiak, aktoreak eta umorea. 20:30ean, plazan. ZANGUANGO (Gaztela). La mecanica de la naranja. Matxuratuta dagoen furgoneta laranja bat kale erdian, eta familia baten etxe aldaketa dira istorioaren abiapuntuak. 23:00ean, plazan. KARKABIA (Lekeitio). Nire nia baino ez dut. Lekeitioko elkartearen ekimenezko Emakumeak sortzen lantegiak antzeztuko du Nire nia baino ez dut. Emakumea eta isolamendua kartzelan ditu oinarri. 00:00etan, talan. GAITZERDI (Euskal Herria). Suz. Hansel, Gretel eta txokolatezko etxetxoa ipuinaren bertsio librea. ZAPATUA 12:30ean, plazan. [...]
36ko gerrak iraun zuen bitartean Markinan eta Xemeinen gertatutakoak gogora ekarriko dituzte bihar gabean, Xemeinen, musika, antzerkia eta poesia emanaldiaren bidez. Gerra Zibila jendea da hila izeneko emanaldian, Pablo Fernandez Arrieta musikariak, Bilboko Udal Musika Bandako lau musikarik, Xemein Abesbatzak, Garaian Kultur Elkarteak, Ahaztuen Oroimena Elkarteak, eta Abarka antzerki taldeak parte hartuko dute. Olerkiak, antzezlanak, testigantzek eta musikak bat egingo dute ikuskizunaren baitan. Garaian elkartekoek gertatutakoaren kontakizuna egingo dute, eta argazkiak eta bideoz grabatutako testigantzak tartekatuko dira. Danetara garai hura bizi izan zuten bost lagunen testigantzak ikusi ahalko dira: Maria Barrutiarena, Jesusa Espillarena, Maria Txurrukarena, Josefa Egidazurena eta Kasilde Aginagarena. Musikak garrantzi handia izango du emanaldian. Halan, Xemein Abesbatzagaz gainera, Patxi Juaristi EHUko irakasleak idatzitako olerkiekin, Pablo Fernandez Arrietak emanaldirako espresuki konposatu zuen obra entzungai egongo da. Gaiaren harira, momentu hunkigarriak be egongo direla aurreratu dute antolatzaileek, Abarka antzerki taldekoek, gerran bizi izandako egoerak irudikatuko dituzte-eta. Xemeingo elizaren kanpokaldean prestatuko dute eskenatokia. Pantaila erraldoi bi jarriko dituzte parrokiaren alde banatara, eta 65 metro karratuko tarima. Horretaz gainera, 800 bat aulki egongo dira ikusleentzat.
2012-2013 futbol denboraldia hasteko gogoa agertu dute Asier Illarramendi eta Iñigo Martinez Realeko jokalariek. Realaren lehen taldean bigarren urtea hastekotan daudenean, erdilari mutrikuarrak hazteko urtea izatea espero duela adierazi du, eta lesioek laguntzea, maila hobetzen joateko. Iñigo Martinez atzelari ondarrutarrak, bere aldetik, bai baloiagaz, bai korrikan, gustura sentitzen dela esan du « Bakoitzak bere lana egin behar du, eta gero entrenatzaileak aukeratuko du zeinek jokatu».Olinpiar Jokoak aukera bat direla be esan du, eta aukeratua izateak asko poztu duela. «Ilusionatuta nago».
Munduko Pilota Batzarrak antolatutako Profesional Mailako Binakako Zesta-Punta Txapelketa eta Open Txapelketa hasiko dira gaur Markina-Xemeinen. Profesionalik eta afizionaturik onenak bilduko dituzte txapelketek. 22:30ean hasiko dira jokoan. Momentuko bi pilotari onenek hartuko dute parte Binakako Zesta-Punta Txapelketako lehenengo partiduan: Iñaki Osa Goikoetxeak eta Imanol Lopezek. Goikoetxeak Alliezegaz jokatuko du, eta Lopezek barriz, Laurent Garcia lapurtarragaz. Goikoetxea eta Alliez Mexikoko Irekia irabaztetik datoz, eta bertan erakutsitako mailari jarraipena emon nahi diote. Bi bikote horietaz gainera, Eguik eta Hernandezek osotutako bikotea, eta Erkiaga eta Embil pelotariak arituko dira norgehiagokan. Sei partidu jokatuko dituzte Markina-Xemeingo frontoi nagusian, eta semifinaletako bat eta finala Donostian. Open Txapelketa Profesionalen Binakako txapelketako partidua baino aurretik, profesionalak eta afizionatuak nahastuko dituen Open Txapelketa jokatuko da. Beidek eta Bailok, eta Goitiak eta Alliez IIak estreinatuko dute gaur, txapelketa, eta lehia bizia espero da. Lehiaketan aurrera egitea partidu bakarrean erabakiko da, eta beraz, gaurko irabazleak, uztailaren 20ko finalaurrekora pasatuko dira zuzenean. Finalaurreko hori, Arbe eta Salegiren kontra jokatuko dute. Domekan, barriz, Moresmok eta Zabalak, Olharan eta Mandiolaren kontra jokatuko dute, eta bi bikote hauetataik aurrera egiten duenak Antton eta Garate izango ditu aurkari uztailaren 22ko saioan. Open Txapelketako finala uztailaren 27an jokatuko da, bai eta Binakako Txapelketako finalaurrekoetako bat be. [...]