Gabonetako zozketaren sariak banatu ditu Markina-Xemeingo Hemen be bai elkarteak
Ixaie lurrindegian emandako 11.063 zenbakidun txartelak lortu zuen 1.000 euroko sari nagusia, eta zortedunak Mendibil tabernakoak izan ziren.
Bariku iluntzean banatu zituen Kontzekupean Gabonetako zozketaren sariak Hemen be bai Markina-Xemeingo merkatari eta ostalarien elkarteak. Hiru sari handi eman ditu aurten elkarteak: 1.000 euroko saria, 600 eurokoa eta 400 eurokoa.
Ixaie lurrindegian emandako 11.063 zenbakidun txartelak lortu zuen 1.000 euroko sari nagusia, eta zortedunak Mendibil tabernakoak izan ziren. Beste bi sarieko irabazleak 11.557 zenbakidun txartelaren jabea eta 24.808 txartelduna ez ziren agertu banaketara, eta beraz, ordezkoek eraman zituzten opariak etxera, 10.883 txarteldunaren jabeak 600 eurokoa eta 22.046 zenbakia zeukanak 400 eurokoa. 600 eurotako ordezkoa ere Ixaie lurrindegian emandakoa izan zen eta 400 euroko sariaren ordezkoa Pako Arraindegian banatutakoa.
Behin bonua hartuta, irabazleek zortzi egun edukiko dituzte (urtarrilaren 12etik 19ra) sariak elkarteko dendetan gastatu ahal izateko.
Sari gehiago. Bestalde, Bilboko Merkataritza Ganberak urtero legez antolatzen duen Bizkaiko Erakusleiho Lehiaketan zotz egindako sarien artean Markina-Xemeingo establezimenduetako bezeroak egon direla jakitera eman zuten elkarteko kideek. Hala, Casa Pepako bezeroari bi lagunentzako asteburua egokitu zaio eta Nerea Arropa Dendakoari Laser inprimagailua.
Aurten, 273 establezimenduk parte hartu dute Bilboko Merkataritza Ganberak antolatzen duen 35. Erakusleiho Lehiaketan.