Jose Pablo Arriagak ‘Hutsean’ erakusketa inauguratu du
Berak azaldu zuen modura, lehen aldia da artistak bere tailerrean erakusketa bat zabaltzen duena. Etxeko, senide eta lagun ugari izan zituen Arriagak ondoan.
Lagunarteko ekitaldiagaz inauguratu zuen bariku iluntzean [urtarrilak 11] Jose Pablo Arriaga artista markina-xemeindarrak Hutsean deitu duen erakusketa berria. Berak azaldu zuen modura, lehen aldia da artistak bere tailerrean erakusketa bat zabaltzen duena. Etxeko, senide eta lagun ugari izan zituen Arriagak ondoan. Tartean egur lanketan bideratu zuen Jose Mari Arriaga aita eta oraintsu arte bidelagun izan duen Henrike Arriaga anaia. Horientzat, batez ere, emozioz eta esker onez betetako hitzak izan zituen.
Beti betiko lagun duen Juanjo Elordi zuzendari eta zinemagile markina-xemeindarrak irakurritako testuagaz hasi zuten inaugurazio ekitaldia. Arriagatarren ibilbidea eta garaien aldaketak aitatu zituen Elordik. Etxean jasotakoari jarraipena emanez, euskal ondareari maitasunez eskaini diotela lana adierazi zuen “zura, egurra sentitu eta bizi izan dutelako umetatik”. Baina lanbide horri ezin izan diote eutsi. “Lanbide izatea ezinezko nahia eta ezina aspaldi bihurtuta eta ia bolondreski egindako lana zen, argi izpi bat noiz ikusiko zain, baina izpi hori ez da agertu gure ortzi-mugan, eta plastikoak irentsi ditu kutxak”, osotu zuen Elordik.
Jose Pablo Arriagak berak hartu zuen hitza ondoren, eta erakusketaren nondik norakoak azaldu zituen. Obra ezberdinetan banatu du erakusketa. Alde batetik, plastikori edo berziklapenari buruz era askotako plastikoekin eta tailatutako egurrekin sorturikoa, eta bestetik, hutsean gordetako kutxen ateekin eratutakoa. Bisita ere egin zen tailer osoan zehar, eta txalaparta doinuek jarri zioten doinua ekitaldiari.