Idazketa lantzeko tailerrak egongo dira Berriatuan, helduentzako eta umeentzako
Berriatuko Udalak liburutegirako prestatutako ekintzen artean, idazketa lantzeko bi tailer egongo dira. Yolanda Arrieta idazle etxebarritarra izango da bi tailerrak gidatuko dituena.
Umeentzako tailerra otsailaren 18tik 22ra egingo da, Nitik gura idazketa sortzailea izenburupean; Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailetako ikasleei zuzenduta egongo da, eta goizez izango da.
Otsailaren 16an eta 23an, ostera, helduentzako saioa egongo da; 16 urtetik gorakoek parte hartu ahalko dute. Bi egunetan 10:30etik 13:00etara egingo dira saioak, liburutegian bertan.
Azken horretan parte hartzeko, baina, aldez aurretik izena eman behar da; liburutegian edo posta elektroniko bat (liburutegia@berriatua.org) idatzita izena eman ahal da. Otsailaren 8a baino lehen izena eman behar da.