Agarre markina-xemeindarrak irabazi du Ispasterko kintxopeko sariketa
74 untzako markagaz gailendu da Agarre. Laukizeko Garagartza elkartea eta Aulestiko Aitor Alzaa bigarren eta hirugarren sailkatu dira, hurrenez hurren.
Kintxopeko 24. Sariketa lehiatu zuten barikuan eta zapatuan Ispasterren, eta 74 untzagaz, Markina-Xemeingo Agarre nagusitu zen. Laukizeko Garagartza Elkartea geratu zen txapeldunorde, 72 untza 1/2 85 zm eginda, eta Aitor Alzaa aulestiarrak hirugarren postuan amaitu zuen, 70 untza eta 65 zm-gaz. Beraz, txapeldunak manta, txapela eta 750 euroko diru saria jaso ditu. Bigarren sailkatuak 650 euro eta hirugarrenak 575 euro irabazi dituzte.
Hain zuzen, lehen saioan ezarri zuen marka irabazleak eta bigarren eguneko hiru probalariek ez zuten haren marka gainditu. Alzaa ere barikuko deman egon zen. “Lehenengo egunean Markinako Agarreren zaldiak jarri zuen marka, eta beste zaldiek hurreratu arren ezin izan zuten gainditu”, zehaztu dute antolatzaileek.
Ispasterko Udaleko ordezkariek azaldu dutenez, zaldi bat gaixotu zela eta, izena emandako sei parte hartzaileetatik bostek lehiatu zuten kintxopeko sariketa. Bost horietatik hiru Lea-Artibai eskualdekoak izan dira. Aipatu biegaz gain, Aulestiko Ibekohondo laugarren sailkatu zen, 64 untzagaz. Hala, Guriezoko Fermin Santamariaren zaldia sailkatu zen azken postuan (62 untza, 3m eta 90zm).
“Probak oso ondo joan dira. Egun bietan jende ugari egon da, larunbata izan delarik egun jendetsuena”, adierazi dute udal ordezkariek. Halaber, ohi legez, pernilen zozketak ere egin dituzte egun bakoitzean. Barikuan, Amotora joan zen saria eta zapatukoa herrian geratu zen.
Zaldi-Mando 34. Sariketa. Kintxopeko sariketaren ostean, zaldi-mandoen txanda da eta hurrengo astelehenean (otsailak 18) argituko da zein den 34. Zaldi-Mando Sariketaren irabazlea.
KINTXOPEKO 24. SARIKETAREN SAILKAPENA:
1.- Agarre (Markina-Xemein): 74 untza
2.- Garagartza Elkartea (Laukiz): 72 untza 1/2 85 zm
3.- Aitor Alzaa (Aulesti): 70 untza 65zm
4.- Ibekohondo (Aulesti): 64 untza
5.- Fermin Santamaria (Guriezo): 62 untza, 3m eta 90zm