Markina-Xemeingo Udalak iaz baino 300.000 euro gehiago edukiko ditu aurten
Guztira bost milioi euroko aurrekontua edukiko du herriaren kudeaketarako. 296.532,94 euro bideratuko dituzte inbertsioen atalera.

Zehatz esateko, 5.193.680,96 euroko aurrekontua onartu dute otsailaren 1ean egindako azken osoko bilkuran. Alkatearen kalitatezko botoaz baliatuta onartu dituzte aurrekontuak. Izan ere, EAJk kontra bozkatu zuen.
300.000 euro inguru gehiago izateak inbertsio bolumena areagotzea ahalbidetuko duela azaldu du udalak. Horrela, guztira, 296.532,94 euro bideratuko dira inbertsioen atalera.
Hirigintzara bideratuko dute kopuru handi bat. Atal horren baitan sartzen da, esate baterako, Santutxu auzoko ur hornidura sare publikora lotzea; lan horiek egiteko 50.000 euroko saila gorde dute. Abesuako saneamendua konpontzeko ere 20.569,04 euroko kopurua aurreikusi dute, hiru gunetan egingo dituzte konponketak. Bestalde, herriko hainbat gunetan asfaltua jarri eta seinaleak ere ipiniko dituzte, 44.430euroko inbertsioa izango dute lanek. Horrez gain, Larruskain eta Lebron inguruetan lurrak erosteko asmoa erakutsi du udalak, 50.000 euro inbertituko dituzte horretan.
Herriko jaiak antolatzeko 234.820 euro egongo dira, eta kulturaren sustapenera 54.8833,32 euro bideratuko ditu udalak.
Orain arte bezala, auzobideen zainketari ere helduko dio udalak. Bide garbiketak eta konponketak egiteko 57.717,70 euro beharko dituztela aurreikusi dute. Horrez gain, Barinagako elkarteko aldatsa egiten ere lagunduko dute 10.247,43 eurogaz.
Gorakada. Arlo sozialera bideratuko du udalak aurrekontuaren beste zati handi bat. Azaldu dutenez, Gaztelekua izango da aurtengo egitasmo nagusia. Gaztelekua egokitzera 40.000 euro zuzenduko dituzte, Txatxilipurdi elkartera 10.000 euro eta MAXEra beste 40.000 euro. Berdintasunerako diru saila, berriz, 19.700 eurokoa izango da.
Kultur arlora bideratzen den diru sailak ere gorakada izango du aurten. Kultur ekintza eta herriko jaiak antolatzeko 234.820 euro egongo dira, eta kulturaren sustapenera 54.8833,32 euro bideratuko dituzte. Urtero bezala, Uhagon kulturguneko programazio kulturala bultzatuko dute, eta ondarea babestu eta sustatzera ere zuzenduko dute kopuru bat. Kultur taldeentzako diru laguntza, berriz, 25.000 eurokoa izango da.
Barroeta futbol zelaiko argiteria aldatuko du udalak, dauden luminariak kendu eta LED argiak jarriko dituzte.
Musika eskolako hobekuntzekin ere jarraituko du udalak, eta Esperantzako lokalerako zinema proiektorea berrituko dute. Musika eskolarako altzari eta instrumentuak erosteko 43.598 euro gorde dituzte, eta 11.444,79 euro proiektorerako.
Aurtengo ekitaldian 45.592 euro egongo dira kirola sustatzeko, eta herriko kirol taldeentzako diru laguntza 29.000 eurokoa izango da. Kirol azpiegiturak ere hobetuko dira. Barroeta futbol zelaiko argiteria aldatuko du udalak, dauden luminariak kendu eta LED argiak jarriko dituzte argiteria eraginkor eta arduratsuagoa lortzeko. Lan horretarako 56.647,75 euro erabiliko dituzte. Frontoian markagailu berria jarri eta Atxondo kiroldegiko sarrerako atea eta harrerako sarrera egokitzea izango dira beste hobekuntza batzuk. 17.330,13 euroko inbertsioa izango dute kiroldegiko lanek.