Iñigo Aranbarriren 'Apirila' eleberriaz mintzatuko dira Etxebarriko Irakurleen Txokoan
Irakurleen Txokoko lehen saioa antolatu du Etxebarriko Euskara Batzordeak. Martxoaren 15ean solasaldia egongo da Iñigo Aranbarri idazlearekin.
Etxebarriko Irakurketa Txokoa abian da aurten ere. Herriko Euskara Batzordearen ekimenez, urtean hiru bat liburu aukeratu, irakurri eta idazlea gonbidatzen dute haren lana hurre hurretik ezagutu eta taldean partekatu ahal izateko.
Aurten irakurriko duten lehen liburua Iñigo Aranbarriren Apirila izango da. Irakurri nahi dutenek Etxebarriko liburutegian eskatu ahal dute liburua, eta martxoaren 15ean, 18:30ean kultur aretoan idazleagaz egingo den solasaldian parte hartu. Urtzi Uriarte Euskara Teknikariak azaldu duenez, irakurtzeko astirik ez daukatenak edo bakarrik solasaldian parte hartu nahi dutenak ere gonbidatuta daude ekimenera. “Herriari zabalik dagoen ekitaldia da, idazle baten sormen prozesua eta bere lanaz duen ikuspuntua ezagutzeko aukera paregabea ematen du”.
Apirila, Iñigo Aranbarriren laugarren nobelak, 1766ko Matxinada gaur egungo begietatik aurkezten du, eta orduko matxinatu eta agintarien arteko harreman eta liskarrak erakusten ditu. “Oinarri historikoak dituen eleberria da, eta Markinaldeko inguru honegaz zerikusia daukaten pasarteak ere baditu. Beraz, irakurleentzako interesgarria izan zitekela pentsatu genuen”, azaldu du Uriartek.
Aurten saioekin arin hasi direnez, uda aurretik eta udazkenean beste saio batzuk egitea aurreikusten dute antolatzaileek. Iaz, apirilak bueltan, esate baterako, Jasone Osoro gonbidatu zuten ekitaldira 12etan bermuta eleberriaz aritzeko.