Lekeitioko gazteek alokairua ordaintzeko diru laguntzak edukiko dituzte
Udalak aurtengo urterako aurreikusitako diru laguntzen zenbateko osoa 25.000 eurokoa izango da. Laguntza jasotzeko 18 eta 35 urte bitarteko adina eduki behar dute elkarbizitza unitateko kide guztiek, ezinbestean.
Lekeitioko Udalak alokairua ordaintzeko diru laguntzak emango dizkiete herrian bizi diren gazteei. Eskaerak egiteko epea barikuan [martxoak 1] zabalduko dute, eta azken eguna azaroaren 15a izango da.
Diru laguntzak eskatzeko 18 eta 35 urte bitarteko adina izan behar dute elkarbizitza unitateko kide guztiek ezinbestean. Gainera, elkarbizitza unitatea osatzen duten pertsonetako bat gutxienez Lekeitioko udalerrian egon beharko da erroldatuta, gutxienez bi urteko etenik gabeko antzinatasunagaz. “Salbuetsita egongo dira hilean 650 euroko zenbatekoa gainditzen duten alokairuko etxebizitzak eta urte bete baino gutxiagoko iraupena duten alokairu kontratuak”, zehaztu dute. Onuradunek diru laguntza justifikatzeko izango duten azken eguna 2019ko abenduaren 31 izango da.
Udalak aurtengo urterako aurreikusitako diru laguntzen zenbateko osoa 25.000 eurokoa izango dela jakitera eman dute. “Diru-laguntzaren zenbatekoa gehienez ere hilabete bakoitzeko 100 eurokoa izango da eskaera bakoitzeko, eta gehienez 12 hilabeteko epealdi baterako”. Bestalde, gazteei zuzendutako alokairurako laguntza hauek beste erakunde batzuek kontzeptu beragatik ematen dituzten aldi bereko diru laguntzagaz bateragarriak direla argitu dute.
“Gazteei zuzendutako programa honegaz behar diren egoerak sustatu eta gure gazteek arrazoizko prezioan etxebizitzak errentan hartu ahal izatea lortu nahi da, eta horrela, autonomia eta emanzipazioa lortzen laguntzea”, azaldu du udalak.