Bizitzak erdigunean jarriko dituen jendarte berria lortzeko lanean jarraitzera deitu du Lea-Artibaiko Mugimendu Feministak
Eskualde osoko ehunka lagunek parte hartu dute egunari amaiera emateko Markina-Xemeinen egin den manifestazioan. Ekitaldia emakume musikari, olerkigile eta dantzarien eskutik amaitu da. 'Erre zituzten sorginen' abestiaren laguntzagaz, Goiko Portalean sua piztu eta bertan erre dituzte atzean utzi nahi duten dena.
“Zorionak! Historiaren kapitulo berri bat idazten ari gara! Eta oraingoan inork ez digu gurea den protagonismoa lapurtuko. Gora emakume* langileon borroka! Gora Lea-Artibaiko Mugimendu Feminista! Gora borroka feminista!”. Hitz horiekin eta bihar ere lanean jarraitzeko aldarriagaz amaitu da Markina-Xemeinen egindako eskualde mailako manifestazioa; eguneko azken ekintza izan da, eta eskualdeko herri gehienek bat egin dute deialdiagaz.
Ehunka izan dira Markina-Xemeingo kaleak hartu dituzten herritarrak, emakumezkoak zein gizonezkoak. Eskualde mailako mobilizazioa izanda, irakurketa ere herri ezberdinetako hiru emakumek egin dute, nork bere euskalkian. Oro har, aurtengo Martxoak 8ko greba feminista ere mundu mailakoa izan dela esan dute. “140 herrialde batu gara borroka egun honetara. Heteropatriarkatu-kapitalista-koloniala sistema globala da, eta ezinbestekoa da borroka lokalak mundu mailan artikulatzea”.
“Lea-Artibaiko indarra erakusteko batu gara hemen. Indarrak batzea da gure bidea, aliantzak eraikitzea eta sakontzea. Elkarrekin boteretu gara, eta hori da gure garaipen nagusia”
Euskal Herri mailan, aurten, auzo, herri eta talde bakoitzak bere errealitate zehaztzei erantzutea lehenetsi dela azaldu dute. “Hori baita herri bat feminismotik eraikitzeko oinarria. Horren adibide da gaur eman batu izana”. Lea-Artibaiko herri gehienetan asanblada feministak egin izana ere goraipatu dute. “Han erabaki zen arratsaldera arte nork bere herrian egitea ekintzak, eta azkenik, Lea-Artibaiko indarra erakusteko hemen batzea. Indarrak batzea da gure bidea, aliantzak eraikitzea eta sakontzea. Elkarrekin boteretu gara eta hori da gure garaipena nagusia!“.
Ozen esan dute ezetz esan diotela kapitalismoari, kolonialismoari, heteroarauari, patriarkatuari, trans patologizazioari, atzerritarren legeari… “Aberatsen pribilegioekin amaitzeko indarra gara!”. 2018an Euskal Herrian 7 emakume hil zituztela gogorarazi eta erasoen aurrean autodefentsa feminsita aldarrikatu dute. “Emakume asko falta dira greban, eta haiengatik ere elkartu gara gu hemen!”.
“Non dago gizonen eta erakunde publikoen ardura? Zeintzuk dira datorren urtean hartuko diren neurri zehatzak? Zaintza lanek feminizatu eta pribatizatuak jarraitzen dute”
Nahi ez dutena azaltzeaz batera, nahi dutenari buruz proposamenak ere egin dituzte. “Bizitzak erdigunean jarriko dituen jendarte berri bat imajinatu eta proposatzen dugu. Bizitza sostengatzeko ardura kolektiboa eskatzen dugu, gure jendartean, bizitza batzuk beste batzuk baino balio handiagoa dutelako”.
Diskurtso politikoen gainetik, oraindik ere musutruk egiten dituzten lanen praktikan sozialitzatzeko urrats gutxi ikusten dituztela gaineratu dute. “Non dago gizonen eta erakunde publikoen ardura? Zeintzuk dira datorren urtean hartuko diren neurri zehatzak? Zaintza lanek feminizatu eta pribatizatuak jarraitzen dute, eta bereziki emakume migranteen esplotazioan oinarritzen dira”. Etxe barruko langile internoen artean %97,7 migranteak direla esan dute. “Zaintza sistema publiko eta doakoa nahi dugu”.
Azkenik, greba oinarritu den bost ardatzen inguruko azalpena eman dute:
- Pentsiodunak: Borrokan ari direla eta Lea-Artibain ere astero elkartzen direla esan dute.
- Kontsumoa: Kontsumo ereduaren inguruko kritika plazaratu dutela eta elikadura burujabetza sustatzen duen ekoizpen eta kontsumo moldeak azpimarratu direla gaineratu dute. “Herrietan merkatari txikiak batu dira grebara, eredu feminista denda txikien eta eta ekoizletxikien aldekoa delako”.
- Ikasleak eta gazteak: Lan baldintza prekarioetara bideratuta daudela gogorarazi dute, “batik bat neska* gazteak”. Hezkuntza sistema hezkidetzailea aldarrikatu dute.
- Soldatapeko lana: Lan merkatua emakumeentzat* oihan basati bat bezala dela diote. “Lan arautuan greba feministak jarraipen oso zabala eduki du”.
- Zaintza eta etxeko lanak: Aurtengo ildo nagusia hori izan dela eta gizonengak kokatu nahi izan direla azpimarratu dute. “Zaintza lanak egituratzen dituen heteroaraua eta familia eredu patriarkala arbuiatu ditugu”.