Milaka emakume kalera atera dira Lea-Artibain eta Mutrikun
Ekintzak goizean goizetik hasi dira herri gehienetan. Komertzioei dagokienez, denetarik egon da: Ondarroan, esaterako, ia dena egon da itxita. 19:00etan egin da eskualdeko mailako manifestazioa, Markina-Xemeinen.
Eguerdira arteko datuen arabera, greba feministak arrakasta eduki du Lea-Artibain eta Mutrikun. Mutriku, esaterako, 500 lagun inguru batu dira 12:00etan Goiko Plazan egindako mobilizazioan; Lekeition ere beste horrenbeste batu dira Independentzia plazan egindako agerraldian. Ondarroan, ostera, kalejira egin dute eta 1.000 herritarrek baino gehiagok parte hartu dute.
Lekeitiarren kasuan, Martxoak 8ko agerraldia herrian ginekologia zerbitzu duin bat aldarrikatzeko aprobetxatu dute. Izan ere, Osakidetzak murrizketak egin ditu Lekeitioko zerbitzu horretan.
Komertzioei dagokienez, denetarik egon da. Batzuk ordu batzuetarako itxi dute. Beste batzuk, ostera, egun guztirako. Baina egun osoan zabalik egon denik ere egon da. Ondarroan, esaterako, ia dena zegoen zarratuta.
Kale apainketak izan dira goizeko lehen orduetako ekintzak. Mutrikun, esaterako, Goiko Plaza puxika morez eta bestelako elementuez apaindu dute. Bitxikeria moduan, Txurrukaren irudia ere apaindu egin dute.
Ostera antzean, eguerdian egindako mobilizazioetan jarrera matxisten aurkako eta feminismoa aldarrikatzeko oihuak izan dira nagusi.
Egunarekin amaitzeko, Lea-Artibai mailako ekitaldia egin dute Markina-Xemeinen; eskualde osoko ehunka herritarrek Markina-Xemeingo kaleak zeharkatu dituen manifestazioan parte hartu dute.
ARGAZKI GALERIAK: