Hiru urte bete dira Ondarroan Kamiñaldeko mendi magala jausi zenetik
Lehenengo harriak 2016ko otsailaren amaieran erortzen hasi baziren ere, martxoaren 8an lehenengo familiak etxebizitzetatik aterarazi zituzten. 2017ko abenduaren 29an itzuli ziren azken familiak euren etxebizitzetara.
2016ko martxoaren 8a zen Kamiñaldeko mendi magalean harriak jausten hasi zirenean; iluntze-gauean etxebizitzak hustu zituzten. Hurrengo egunean, egoerak “okerrera” egin zuela eta, Udalbatza osatzen zuten kide guztiek agerraldia egin zuten, eta etxebizitzak husteko erabakiaren berri eman zuten. Herritarren elkartasun keinuak hasi ziren, eta ondarrutarrek inoiz gogoratuko zuten garai zailenak hasi ziren, San Inazio kaleko bizilagunentzako, batik bat. Martxoaren 10ean udalak Larrialdi Plana aktibatu, eta San Inazio kalea itxi zuen; harririk erortzen ez zen gunea babesteko horma bat ere jartzen hasi ziren.
Martxoaren 11n egoera oraindik gehiago ilundu zen: Geologoek egoerak okerrera egin zuela esan zuten. Uste zuten lur jausia bakarrik alde batera zihoala, baina zabaldu egin zitekeela konturatu ziren. Mendia “desegonkor” zegoela eta gainera etortzeko aukerak gehitzen” zihoazela gaineratu zuten. Informazio horren aurrean, udalak agerraldia egin zuen iluntzean. Hasiera baten etxebizitza gehiago hustutzeko asmorik ez bazegoen ere, erabakiz aldatu eta ordura arte kaltetutako etxearen aurreko aldeko etxeak ere husteko esan zuten; 11 atari gehiago izan ziren hustu dituztenak (92 etxebizitza).
Martxoaren 12an San Inazio kaleko 40-46 atarietako bizilagunek etxebizitzetan sartzeko aukera eduki zuten, gauzak hartzeko. Egun berean, Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusia bertaratu zen. Eta hurrengo egunean, martxoaren 13an, Iñigo Urkullu lehendakaria Ondarroara etorri zen; kaltetuak birkokatzea “lehentasunezkoa” zela esan zuen. Egun horretan baita ere, udala kaltetutako bizilagunekin batu zen.
Martxoaren 14an Ondarroako gizarte zerbitzuetako arloa auzokide bakoitzagaz batuko zela esan zuten, bakoitzaren errealitatea eta beharrizanak hurretik ezagutu eta konponbiderik egokiena bilatzen saiatzeko. Bilerak martxoaren 15etik 18ra bitartean egiteko geratu ziren.
Martxoaren 14ak, baina, bestelako ezbeharrik ere utzi zuen. Portuko izotz fabrikan lan istripua gertatu zen, eta bi herritar (Alberto Badiola eta Javier Elu) hil ziren. Hurrengo egunean Udalbatzak ezhoiko osoko bilkura egin zuen, eta bi eguneko dolua onartu zuten, aho batez. Sindikatuek martxoaren 16rako bi orduko lanuztea deitu zuten, eta udalak ere bat egin zuen.
Martxoaren 15ean, Lea-Artibaiko alkate guztiak Lea-Artibai Amankomunazgoak Markina-Xemeingo Patrokua jauregian daukan egoitzan batu ziren etxebizitza hutsen premia aldarrikatzeko. Martxoaren 16an, ostera, San Inazioko merkatariek euren lokaletara sartzeko aukera eduki zuten, Zunbeltz Bedialauneta alkatearen ardurapean.
Martxoaren 16an baita ere, Ondarroa osorik gelditu zen lan istripuak salatzeko sindikatuek egindako deialdiagaz bat eginez. Manifestazio jendetsua egin zen, Zaldupetik Alamedaraino.
Hurrengo egunak gorabeheratsuak izan ziren. Psikologoen hitzaldiak eskaini zituzten, iruzurgileak kaltetuentzako dirua eskatzen ibili ziren, San Inazioko merkatariak beste lokal batzuetara lekualdatzen aritu ziren eta Alokabidek herrian edo eskualdean etxebizitzaren bat hutsik zuten etxe jabeei dei egin zien.
Kamiñaldeko mendi magalaren ezbeharrak eta lan istripuak eraginda, elkartasun keinuak nonnahi agertu ziren. Ondarroa zoritxarrak jota zegoen. Martxoaren 19an, esaterako, Aurrera futbol taldeak herritarrei elkartasuna adierazteko agerraldia egin zuen.
Martxoaren 22an hormigoizko hormak ipini zituzten San Inazio kalean, beheko pasealekura harririk ez erortzeko. Hurrengo egunetan etxebizitza utzi behar izan zituzten familiak birkokatzen joan ziren. Bien bitartean, birkokatu gabe zeudenak senide edo lagunen etxebizitzetan egon ziren. Agintari politikoek etxebizitza hutsen premia zegoela behin eta berriz esan zuten.
Tarte horretan, bizilagunek euren etxebizitzetara ordubetez-eta sartzeko aukera eduki zuten egun batzuetan. Eta Ertzaintzak San Inazio kalea gau eta egunez zaintzen bazuen ere, lapurretak ere gertatu ziren hutsik zeuden etxebizitzetan. Ondarroako Udal ordezkariak ere ezbeharrak gertatu diren beste herri batzuetako udal ordezkariekin ere batzartu zen, esperientziak elkartrukatzeko.
Apirilaren 16an egin zuen lehenengo agerraldia Sainazio Mendi Azpixan Gestorak. Aldundiari eta Jaurlaritzari bitarteko gehiago jartzeko eskatzeko egin zuten agerraldia. Data horretan hasita, gutxienez hilabetero egin zituzten agerraldiak. 2017ko azaroaen 11n egin zuten azken agerraldia.
Etxebizitzetara bueltan. 2016ko uztailaren 29an 70 familia euren etxebizitzetara itzuli ziren (erreka aldera dauden etxeetako bizilagunak), eta kalea ere zabaldu egin zuten. Urriaren 7an, 48, 50 eta 52 atarietako bizilagunak itzuli ziren. Oraindik 84 familiak euren etxebizitzetatik kanpo egoten jarraitzen zuten. 2017ko ekainaren 3an 28 familia itzuli ziren (46A-46B eta 40A). Ekainaren 22an, ostera, 44A eta 44B atarietako 16 familia itzuli ziren. Eta 2017ko abuztuaren 10ean 40B-40C-42A eta 42B atarietako 33 familia itzuli ziren.
Lur jausiak etxebizitzak kaltetu zizkieten zazpi familia izan ziren azkenak euren etxebizitzetan sartzen; horiek 2017ko abenduaren 29an sartu ziren.