Kamiñaldeko mendi magala egonkortzeak Ondarroari suposatu diona, datutan
Mendi magala egonkortzeko lanek denetara 14.800.000 euroko kostua suposatu dute. Ondarroako Udalak 7 milioi euro jarri ditu, Eusko Jaurlaritzak 3,2 milioi, Bizkaiko Foru Aldundiak 2,5 milioi eta Espainiako Gobernuak 2,18 milioi.
2016ko martxoaren 8an gertatu zen ezbeharra, eta ordutik hona, gertaera hori herriarentzat zama handia izan dela adierazi du Zunbeltz Bedialauneta alkateak. Bide horretatik, eta gaur egun lanak amaitzear badaude ere, herritarrek egindako lana eta esfortzua eskertu nahi izan du Ondarroako Udalak.
Mendi magala egonkortzeko lanek denetara 14.800.000 euroko kostua suposatu dute. Ondarroako Udalak 7 milioi euro jarri ditu, Eusko Jaurlaritzak 3,2 milioi, Bizkaiko Foru Aldundiak 2,5 milioi eta Espainiako Gobernuak 2,18 milioi.
Udalak jakinarazi duenez, Alokabidek lehen sei hilabeteetan alokairua ordaindu zien beste etxebizitza baten birkokatu behar izan zuten familiei. “Gero, 2017ko martxora arte, alokairuaren erdia ordaintzen jarraitu zuen Alokabidek, baina Ondarroako Udalak bere gain hartu zuen gainerako erdia”.
Bedialaunetak azpimarratu duenez, proiektuari aurre egiterakoan “udalaren lehentasuna beti izan da ondarrutarren ongizatea”. Argitu dutenez, ikuspegi sozialeko laguntza hori ziurtatzea “oso garrantzitsua” izan da bai udalarentzat eta baita ere familientzat”. Alokairuaren kostuaz gain, etxebizitzak konpontzeko beste 80.000 euro inguruko laguntza eman zuen udalak.
Bizilagunekin harreman zuzena bermatzea ere “ezinbestekoa” izan dela gaineratu dute, “dimentsio erraldoia eduki duen obra honetan informazio eta zalantza asko agertu baitira”. Diotenez, Ondarroako Udalak beti eman du aurpegia. “Bizilagunek informazio gertukoena eta fidagarriena izan zezaten aurpegia eman dugu, nahiz eta askotan ez den xamurra izan. Astean behin batzen aritu gara azken hiru urteetan”.