Emakumeen Eguneko ekitaldiak zapatuan egingo dituzte ziortza-bolibartarrek
Pelikula emanaldia eta afaria antolatu ditu Aranbaltz Kultur Elkarteak.
Aurtengo martxoaren 8ak eman eta utzitakoa ere izugarria izan da, eta Lea-Artibaiko emakumeak, indarrak batuta atera dira denak batera kalera, estreinakoz. Aurreko barikuan, herriz herri hamaika ekintza egin zituzten, eta iluntzean, berriz, eskualde mailako manifestazioa deituta zegon Markina-Xemeinen izan zuten hitzordua.
Ziortza-Bolibarren, baina, zapatu honetan (martxoak 16) bilduko dira Emakumeen Eguna udalerrian ospatzeko. Horretarako, Aranbaltz Kultur Elkarteak pelikula emanaldia eta afaria antolatu ditu, udalaren eta Eika kooperatibaren laguntzagaz.
17:00etan hasita, La Fuente de las mujeres (La source des femmes, 2011) pelikula eskainiko dute udaletxeko batzar gelan. Radu Mihaileanu zuzendariaren film luzea 2012ko Goya Sarietarako izendatuta egon zen, Europako film onenaren kategorian. Emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna aldarrikatzen duen historia kontatzen du. Afrika iparraldeko etnia diren berbereen herri txiki batean girotuta dago. Bertako umeek iraultzi txiki bat hasten dute; bizi dituzten injustizien kontra borrokatzen dute. Coranean gizonen eta emakumeen berdintasuna txertatu gura dute. Askatasuna, ausardia, ardura, sakrifizioa, giza eskubideak, indarkeria matxista eta hezkuntza bezalako gaiak jorratzen ditu.
Pelikula ikusi ostean, poteoa egingo dute eta zapatua borobiltzeko; 21:00etatik aurrera Kanpapen afaltuko dute.