Azoka berezia hartu du Lekeitioko Merkatu Plazak
Azkue Ikastolak antolatuta, Bertoko eta sasoiko produktuen azoka egon da gaur goizean. Produktuak erosi, dastatu eta tailerretan parte hartzeko aukera eskaini du ekimenak.
Beste zapatuetan baino bizitasun gehiago eduki du gaur [martxoak 16] Lekeitioko Merkatu Plazak. Bertako eta sasoiko produktuen azoka antolatu du Azkue Ikastolak bertan, Ibilaldiaren ekimenen harira. Horrela, zapatuero Merkatu Plazan egoten diren ekoizleei beste batzuk batu zaizkie gaurkoan, eta ekimenak erakarrita, ikusle eta erosleen sartu-irtena ere nabarmen handiagoa izan da. Errigorako postua ere jarri dute, eta pintxoak dastatzeko aukera ere egon da.
Ume eta nagusiei begirako tailerrek osatu dute goizetik eguerdira arteko egitaraua. Tela eta argizari tailerra eduki dute lehendabizi, eta ortuari kontserbak ozpinetan prestatzeko tailerra, ostean.
Argizaria txiki-txiki xehatu eta tela gainean jarri ondoren, berotu egin dute plantxa baten laguntzagaz, eta horrela tela gogor bat lortu dute erabilera desberdinetarako, esate baterako, ogitartekoak gorde ahal izateko. Mahai bete lagun ibili dira lanean telak gogortu asmoz. Han bertan ondoan, egon dira bai eta ortuari kontserben tailerrekoak ere. Amantalak jantzi eta porruak garbitzera joan dira parte hartzailek Merkatu Plaza ondoko iturrira. Porruak ederto garbituta kristalezko ontzietan sartu dituzte, txikitu ostean. Jarraian bota diote ozpina.
[Ikusi ARGAZKI GALERIA ZUZENEAN]
Jasangarritasun Argazki Rallyko saria ere ikusgai egon da azokan. Ibilaldiak, jasangarritasunagaz konprometituta egonik, ingurua zaintzeko eta kontzientziatzeko helburuagaz argazki rally bat antolatu du. Lehiaketaren gaia jasangarritasuna da, eta parte hartzaileek, gehienez 10 argazki aurkeztu ditzakete lehiaketara formatu digitalean. Epe muga apirilaren 1a izango da. Argazkiak, gero erakusketan egongo dira apirilaren 12tik 15era, Barandiaran aretoan.
Eguerdirantz hasi da jendea batzen azokan. 13:15ak aldera gainera, emanaldi berezi bat ikusteko aukera eduki dute Merkatu Plazan batutakoek. Beheko solairuan jarritako pantaila handian, Lekeition ospatuko den 2019ko Haratzago Ibilaldiaren kantaren aurkezpena eta bideoa ikusteko aukera izan dute. Txalo artean hartu dute ekimena.