Lekeitioko Ibilaldiak badauka abestia
Azkue Ikastola osoak parte hartu du abestian, Euskal Herriko hainbat artistekin batera. Xabat Galletebeitia bertsolari lekeitiarrak egin dio letra eta Aritz Elordietak eman dio forma.
Ginen gara, ziren gagoz, haratzago doaz datoz. Bazen bada, dira dagoz, haratzago goaz gatoz. Horixe izango da Lekeitioko Ibilaldiaren kantaren errepika. Lehenengoan entzunda gaitza badirudi ere, berehala ikasteko modukoa dela azpimarratu dute gaur goizean [martxoak 16] San Mames futbol zelaian egin duten Ibilaldia 2019ko kanta eta bideoaren aurkezpenean.
Xabat Galletebeitia Azkue Ikastolako bertsolariak osatu du letra, eta abestiari forma emateko ardura Aritz Elordieta Tokik hartu du. Euskal Herriko hainbat artistak ere parte hartu dute kantuan: Iker Laurobak (Lauroba), Jorge Sanchezek (Etsaiak, Desira), Yon Figueroak (Drakken), Axular Arizmendik (Nahixan), Joseba Iturraspek (McOnak), Joseba Gereduzek (Sustrajah band), Maria Lakak (Drunk Smile), Auok (Etsaiak), Babou Tiordek (Gunflow), Aritz Tokik (Etsaiak, Parasma), Eñaut Elorrietak (Ken 7), Alex Sarduik ( Gatibu, Exkixu), Zuriñe Hidalgok (Hesian), Iker Figeroak (Sustrajah band), Aimar Beatok (Lekitxoko banda), Unax Mendigurenek (Ikaslea), Alina Izagirrek (Ikaslea), Malen Ugarteburuk (Ikaslea), Irati Zendoiak (Ikaslea) eta Urko Madarietak (Ikaslea). Grabazioko teknikaria, berriz, Axular Arizmendi izan da, Mutrikuko AME estudioan aritu dira lanean.
Azaldu dutenez, grabaketa ezin izan dute nahi zuten besteko martxan burutu, “eguraldi traketsak aste batzuetako atzerapena ekarri du aurretik zehaztutako plangintzan”. Baina merezi izan du itxaroteak. Ikastolaren 50 urte luzeetako belaunaldi ezberdinak bildu ziren Lekeitioko talan, haratzago doazela ozen esateko, abesteko eta dantzatzeko. Bideoklipa otsailean grabatu zuten Azkueko ikasle, irakasleak eta gurasoak protagonista bihurtuz. ” Orain abestiarekin dantza egitea bakarrik falta zaigu. Egunean bertan, arinago edota ondoren. Izan ere, Azkue Lekeitioko Ikastolan ginen, gara, ziren gagoz, haratzago doaz datoz!”.
3. Ibilaldia. Maiatzaren 19an Haratzago lelopean Lekeition ospatuko den hirugarren Ibilaldia izango da. 1983 eta 2003an izan ziren aurrekoak. Lea-Artibai eskualdean, berriz, bosgarren Ibilaldia izango da. “Ibilaldia Bizkaiko ikastolen jaia da. 1978an antolatu zen lehenengoz Uribe Kostan eta 1980. urteaz geroztik urtero egin izan da. Aurtengoa 40. edizioa izango da, beraz. Urteak joan eta urteak etorri, Ibilaldiak bere jatorrizko arrazoiei eutsi die: Bizkaiko ikastolen jaialdia izatea, ikastolen hezkuntza-proiektua ezagutzera ematea eta erronka berriei aurre egiteko baliabideak eskuratzea” gogora ekarri du Josune Bañales Ibilaldia Elkarteko lehendakariak. Aurtengoa ere familia zein lagunekin euskaraz ospatzeko eguna izatea nahi dute, “ikastola eta euskal kultura Euskal Herriko zirrikitu guztietara zabalduz”.
2019ko Ibilaldiaren helburuak Lekeitioko Azkue Ikastolaren hezkuntza eredua herriratzea, hezkuntzan dituzten erronkak eztabaidarako plaza izatea, eta egindako inbertsioei zein erronka berriei aurre egiteko baliabideak eskuratzea direla esan dute.
Haratzago leloa dauka maiatzaren 19an ospatuko den 2019ko Bizkaiko Ikastolen jaiak. Ikastola bere sorraratik haratzako joan dela esan du Ainara Ikaran Azkue Ikastolako lehendakariak. “Garai eta kontestu bakoitza kontutan izanda, beti haratzago. Ikastola aitzindaria izan da, gure bidea egiteko beharrezkoa delako jarrera hori”. Eta aurrerantzean ere “haratzago” joaten jarraitu nahi dute.