Aisialdirako gune berri bat daukate Munitibarko umeek
Herri Ludoteka jai giroan inauguratu zuten bariku arratsaldean. Txopitturri Guraso Elkarteak kudeatuko du, eta topagunea izateaz gain, askotariko ekintzak egin ahal izateko espazioa izatea da euren asmoa.
Aisialdiko ekintzak aterpean egin ahal izateko beste espazio bat zabalik daukate udalerrian. Munitibarko plazan hutsik zegoen lokal bat udalak alokatu, eta Txopitturri Guraso Elkartekoek Herri Ludoteka izateko egokitu ostean, bariku arratsaldean inauguratu zuten. Eskulan tailerretan eta txokolate janean elkartu ziren ume eta gurasoak.
Txopitturri Guraso Elkarteak kudeatuko edota dinamizatuko du Herri Ludoteka, eta erabiltzaile izateko giltza eskuratu behar da udaletxean ( 6 euroren truke).
Gune berri erabiltzeko askotariko aukerak aztertzeko prest daude elkarteko kideak. Esan dutenez, umeei zein familiei zuzendutako ikastaroak, tailerrak eta bestelako ekintzak egiteko leku aproposa izan daiteke.