Lea-Artibaiko hamazortzi taldek joko dute Etxebarriko elizpean
Zapatuan [apirilak 13] ospatuko da Etxebarrian Elizperock musika jaialdia; goizetik gauera eskualdeko estilo ezberdinetako taldeen kontzertuak entzuteko aukera egongo da.
Eskarmentu handiko zein agertokira lehen aldiz aterako diren eskualdeko hamazortzi talde batuko ditu zapatuan [apirilak 13] Elizperock jaialdiak. Estilo ezberdinak entzun ahalko dira goizetik gauera herriko agertoki ezberdinetan.
Bakarlarien oholtza izango dira goizean, herriko tabernak, eta elizpean prestatuko dituzten Lea eta Artibai agertokietan joko dute taldeek arratsaldean. Eguerdi partean ere ez da girorik faltako. Xabat Galletebeitia bertsolari lekeitiarrak, Nerea Ibarzabal markina-xemeindarrak eta Lander Ibarluzea Aitxulua etxebarritarrak bertsotan egingo dute taberna batetik bestera, herriko trikitilariekin lagunduta: Iraide eta Naroa Baskaran, Ander Salaberria, Jon Kastillo eta Zaloa Zenarrutzabeitia.
11:30ean hasiko dira emanaldiak Otsolo taberna aurrean Lekeitioko Liyuraren akustikoagaz, eta Iban Ibenian markina-xemeindarragaz emango diote amaiera jaialdiari Artibai agertokian. Gutxi gorabehera 45 bat minutuko kontzertuak eskainiko dituzte taldeek, etenik barik, batak amaitutakoan hasiko da hurrengoa ekinean. Kontzertuak amaitutakoan, autobusa egongo da, Etxebarritik Markina-Xemeinera joateko, Elizperockekoek ordainduta. Azaldu dutenez, ordu bete inguruan luzatuko da zerbitzua.
Aurtengo jaialdirako “ilusio berezia” daukatela aitortu dute antolatzaileek. «Aurten oraindik ere adin eta ibilbide ezberdinetako musikarien esparru zabalagoa izango dugu. Hasiberriak dira batzuk eta urte asko daramatenak besteak, eta Elizperocken joteko taldea osatu dutenak ere baditugu». Eta hori guztiori eskualdean dagoen musika aberastasun oparoaren erakusleihoa dela azpimarratu dute.
Egun osoko jaialdi bat antolatzeak badauka lana, baina laguntza aldetik ere ondo dabiltzala aitatu dute. «Jendearen erantzun handia izan dugu, bai eta herriko tabernena ere, eta eskerrak eman nahi dizkiegu guztiei, eurek barik jaialdia ez zelako posible izango».
Bideoa. Zapatuko hitzordurako berotzen joateko aurkezpena egin zuten Markina-Xemeingo Buztarri tabernaren aurrean, eta bideo bat ere prestatu dute askoren artean, iazko Elizperocken grabatutako irudiekin. «Etxebarriko neska batek egin du letra, iazko jaialdian parte hartu zuen talde batek musika, eta eskualdeko ahots esanguratsu batzuen parte hartzea ere izan dugu, Lorea Zulaika edo AD taldeko Igorrena esate baterako». Nahasketa hori jaialdiaren mamiaren adierazgarri dela diote, «estilo guztietako talde eta publikoarentzako lekua duen jaialdia da eta».
Ia dena prest daukate eskualdeko taldeak protagonista dituen egunerako, eta musikazale guztiak gonbidatu dituzte jaialdiagaz gozatzera.