Markina-Xemeingo Karmen Jaietako kartel lehiaketara lanak aurkezteko epea zabaldu dute
Ume zein helduek parte hartu dezakete. Sari bi egongo dira: 16 urtetik gorakoentzat eta 16 urtetik beherakoentzat.
Aurten ere, Karmen Jaiak iragarriko dituen kartela aukeratzeko lehiaketa antolatu dute Markina-Xemeingo Udalak eta Jai Batzordeak. Ume zein helduek parte hartu dezakete, taldean zein bakarka. Bi sari egongo dira adinaren arabera banatuta: Lehen saria 16 urtetik gorakoentzat izango da, saritutako lana jaietako egitarauaren azalean argitaratuko dute, eta gainera, egileak 150 euroko saria lortuko du. Bigarren saria 16 urtetik beherakoentzat izango da; kasu horretan, programaren kontrazalean joango da lana, eta egileak 150 euroko saria irabaziko du.
Antolatzaileek jakinarazi dutenez, egile bakoitzak, gehienez hiru kartel aurkeztu ahalko ditu, eta bakoitzak bere goitizena eraman beharko du. Kartelean Karmen Jaiak 2019. Markina-Xemein testua agertu beharko da, eta pertsonak agertuz gero, genero ikuspegia errespetatu beharko dela nabarmendu dute.
Bestalde, edozein teknika onartuko dute, baina lanak A3 neurrikoa eta diseinu bertikalekoa izan beharko du. Euskarri gogorrean edo paperean zein digitalean aurkeztu ahalko da.
Lehiaketan parte hartu nahi dutenek udaletxeko arreta zerbitzuan edo Uhagon Kultuguneko bulegoan aurkeztu ahal dituzte lanak; horretarako azken eguna maiatzaren 29a izango da, 14:30ak arte.
Epaimahaia udal ordezkariek eta Jai Batzordekoek osatuko dute, eta erabakia ekainaren erdialdera jakitera emango dutela zehaztu dute. Sari banaketa, berriz, egitaraua kaleratzen denean egingo dute.