Udabirra Festek giro ederra ekarri du Amorotora
Atzerriko hainbat garagardo marka dastatzeko aukera izan zuten frontoira bertaratu zirenek. Goizean, gainera, umeentzako puzgarriak izan zituzten.
Udaberri Fest ospatu zuten amorotarrek zapatuan [apirilak 6]. Beste urte batez, jai giro paregabea izan zuten egun guztian. Izan ere, aurten umeentzako puzgarriak ere jarri dituzte, eta goiz eta eguerdi partean familia askoren topagune izan zirela zehaztu dute Amorotoko Kultur Taldeko kideek.
Orokorrean, egun osoan giro ona izan zutela eta dena oso ondo atera zela adierazi dute. Garagardo eskaintza zabala izan dute aurten ere, eta esaterako, eguerdian, Amorotoko Kantu tailerreko kideek girotu zuten poteoa.
Arratsaldean, Goi Mailako Paleta Goma Jaialdia hartu zuen frontoiak. Lehen partiduan, herriko bi bikote aritu ziren zein baino zein gehiago. Gurutz Arriaga (2018ko Bizkaiko txapelduna) eta Jon Arriaga (2016ko Oiartzungo txapelduna) nagusitu zitzaizkien, Liher Arrizabalaga eta Iban Zabala 2018ko GRABNI Txapelketaren irabazleei. Ondoren, eskualdeaz kanpo ezagunak diren bi kirolari profesional ohi izan zituzten aurkari Josu Imaz amorotarrak (2017ko Amorotoko txapelduna) eta Jon Azanza berriatuarrak (2015eko Mutrikuko txapelduna). Imanol Agirre pilotari ohia eta Asier Del Horno Athletic-eko jokalari izandakoak osatutako bikotea garaitu zuten Lea-Artibaiko bikoteak.