Asier Lopez Eiguren lekeitiarrak VI. Koldo Mitxelena Saria irabazi du
2008an sortu zuten Euskal Herriko Unibertsitateak eta Euskaltzaindiak Euskarazko Tesien Koldo Mitxelena Saria, euskarazko ikerketa bultzatzeko eta sustatzeko asmoz.
EHUk eta Euskaltzaindiaren Iker sailak bi urterik behin antolatzen duten 2018. urteko Euskarazko tesien seigarren Koldo Mitxelena saria jasoko du Asier Lopez Eiguren lekeitiarrak. Bost jakintza-arlo nagusi kontuan hartzen ditu sariketak, eta zientzien arloko saria lortu du Lopezek. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, sariak banatzeko ekitaldia maiatzaren 6an egingo da, eta sarituek diploma eta 2.000 euro jasoko dituzte.
2008an sortu zuten Euskal Herriko Unibertsitateak eta Euskaltzaindiak Euskarazko Tesien Koldo Mitxelena Saria, euskarazko ikerketa bultzatzeko eta sustatzeko asmoz. Sariak bi urterik behin deitzen dira, eta bost jakintza-arlotan banatzen dira: Zientzia Esperimentalak; Ikasketa Teknikoak; Osasun Zientziak; Gizarte Zientziak eta Zientzia Juridikoak; eta Giza Zientziak. “Sari hauen bitartez, EHUk eta Euskaltzaindiak euskarazko tesien ekarpen bikoitza goraipatu nahi dute; batetik, jakintzaren arloa zabaltzen laguntzen dutelako, eta bestetik, euskararen normalizazioaren prozesuan guztiz lagungarriak direlako”, adierazi dute.
Lekeitiarragaz gain beste jakintza-arloetako sarituak Olatz Perez de Viñaspre Garralda (Ingeniaritza eta Arkitektura), Mikele Macho Aizpurua (Osasun Zientziak), Juan Mari Agirreurreta Elosegi (Gizarte eta Lege Zientziak) eta Miren Ibarluzea Santisteba (Artea eta Giza Zientziak) izan dira.