Eskualdeko hiru bertsolarik jarriko diote doinua Etxebarriko Bertso Afariari
Frontoi gainean dagoen jubilatuen elkartean batuko dira bertsozaleak barikuan. Bertso afariko txartelak salgai daude.
Lekuz aldatuko bada ere, jada urteroko ekitaldi bihurtu den Bertso Afaririk ez da faltako Etxebarrian. Barikuan [maiatzak 3] jarri dute hitzordua Etx Kultur elkarteak eta Etxebarriko Gazte Asanbladiek, eta eskualdeko hiru bertsolari gonbidatu dituzte aurtengo afaria bertsoz bertso girotzera. Hala, Nerea Ibarzabal Salegi eta Josune Aramendi Perez markina-xemeindarrek eta Xabat Galletebeitia Abaroa lekeitiarrak parte hartuko dute 21:00etan hasiko den saioan.
Frontoi gainean dagoen jubilatuen elkartean batuko dira aurten bertsozaleak. Aurretik, baina, trikipoteoa izango dute, 19:00etan hasita, afarirako girotzen joateko. Oraingoan ere, janari beganoa jarriko dute aukeran nahi duenarentzat. Aukera beganoa nahi izanez gero txartela erosterakoan jakinarazi behar da.
Antolatzaileek Etxebarriko Irubide eta Otsolo tabernetan, Olaia jatetxean eta Antsotegi hotelean jarri dituzte bertso afariko txartelak salgai. Horrez gain, Markina-Xemeingo Eder tabernan ere eskuratu ahalko dira. Gaur [apirilak 30] gauera arte egongo da aukera txartelak eskuratzeko.