Iraupen luzeko 30. martxa egingo dute Ondarroatik Ondarroara
06:00etan izango da irteera Zaldupe futbol zelaitik. Guztira, 60 kilometro dira, baina erdia ere egin dezakete parte hartzaileek.
Ondarroa-Ondarroa iraupen luzeko martxa antolatu du aurten ere Markina-Xemeingo Artibai Mendigoizale Taldeak. Bihar [maiatzak 1] egingo da Ondarroatik irten eta Ondarroan amaituko den 60 kilometroko ibilaldia. Artibai errekaren ur isurialdea jarraituz, Ondarroa, Berriatua, Markina-Xemein, Ziortza-Bolibar eta Etxebarriko inguruetatik igaroko dira ibiltariak.
Ibilaldiaren ezaugarriak direla eta, martxa ondo prestatutako jendearentzat izaten da. Izan ere, ibilbideak Milloi, Lekoiz, Gontzugarai, Trabakua, Ixua eta San Migel mendateak igarotzen ditu eta Oiz (1.026m), Urko (795m) eta Kalamua (771m) mendiak ere igo beharko dituzte parte hartzaileek. Gainera, ibilaldia norbere kabuz egin behar da. Hau da, Artibai Mendigoizale Taldeak bilbide orri bat banatzen du irteeran, eta gidari bat jartzen dute martxa zuzentzeko, baina beste guztia ibiltariaren esku gelditzen da. “Ibilaldi luze eta gogorra da, eta beraz, prestakuntza fisiko ona, ekipo egokia eta mendian eskarmentua behar dira”.
Ibilaldian parte hartzeko ez da aurretik izenik eman behar ez eta ordaindu ere. Irteera 06:00etan izango da Zaldupe futbol zelaitik, eta 14 ordutan amaitzea aurreikusten dute antolatzaileek.
Bestalde, posibe da ibilaldi erdia egitea, Ondarroa-Trabakua edo Trabakua-Ondarroa. Horretarako 06:00etan Ondarroan edo 13:30ean Trabakuan egon behar dute parte hartzaileek.