Kike Amonarrizegaz solasaldia egingo dute Munitibarren
'Munitibar euskalduna gura dozu? Egingo dogu? hitzaldia emango du bariku arratsaldean.
Euskara Batzordeak Kike Amonarriz gonbidatu du, eta bariku honetan [maiatzak 3] Munitibar euskalduna gura dozu? Egingo dogu? hitzaldia emango du udal aretoan, 19:00etatik aurrera.
Euskararen erabileragaz kezkatuta, udalerrian erabilera sustatzeko hainbat ekintza egiten ari dira azken urteotan. “Ze bide jarraitu beharko liratezkeen lantzen ari gara”, azaldu du Urtzi Uriarte euskara teknikariak. 2015ean ezagutza eta erabilera neurtzeko galdeketa egin zuten, eta 2016an, aldiz, kale neurketak egin zituzten.
Ateratako ondorion artean, ezagutza “%90etik oso gorakoa” zela ikusi zuten, eta erabilera, ostera, %70aren inguruan zegoela ohartu ziren. “Portzentaia handi bat, %20koa gutxi gorabehera, euskaraz jakin arren, erabiltzen ez zuela ikusi zen”. Egoera horri zelan bueltan eman da Euskara Batzordearen zein udalaren kezka eta horretarako esparru batzuk aztertzen hasi ziren. Kaleko erabilera neurketak egitean, erabileraren egoerari buelta emateko, plaza inguruan zein oro har, aisialdian eragitea beharrezkoa zela ikusi zuten: “Plazan, esaterako, eskola umeak dauden bitartean gurasoek erabiltzen duten hizkera izango litzateke arazo bat, eta bestea ostalaritzan edo taberna giroan dagoena”.
Erabilera kopurua igotzeko zer egin beharko litzateeken aztertuko dute bariku honetako solasaldian. “Buelta emate horri zelan dinamizatu aztertzeko baliogarria izango da”, adierazi du Uriartek. Amonarrizek udalerriko datuak izango ditu esku artean, eta jendearen parte hartzea giltzarri izango da. “Iritziak jaso eta ideiak lantzeko solasaldia izango da”. Deialdi zabala egin dute; norbanakoei zein elkarteei gonbidapena luzatu diete aurrez aurre, parte hartzea ziurtatzeko: “Denentzako hitzaldia da, eta herritar guztiei zabaltzen diegu deialdia”.
Azaldu dutenez, Amonarrizegaz iaz solasaldia egiteko asmoa izan zuten, baina, azkenean bertan behera geratu zenez, aurten egitea erabaki dute. Halaber, Euskara Batzordeak urtean zehar hainbat ekintza egiten ditu, eta ondorengoak ere zehazten ari direla jakitera eman dute.