Isuntzako gazteak, Euskadiko txapeldun
Gizonezkoen absolutu mailan laugarren sailkatu dira lekeitiarrak. Kategoria horretan Zierbena eta Orio dira 2019ko Euskadiko txapeldunak.
Asteburuan Ondarroan erabaki da aurtengo Euskadiko Trainerilla Txapelketa, eta Isuntzako gazteak banderagaz bueltatu ziren atzo, Lekeitiora. Halaber, gizonezkoen absolutu mailan laugarren sailkatu ziren lekeitiarrak.
15:26.44-ko marka eginda geratu da Isuntza gazte mailako txapeldun. Zierbena da aurtengo txapeldunordea. Isuntzarengandik hemeretzi segundo eta 57 ehunenera sailkatu zen Zierbena atzo, eta PD Koxtape AE sailkatu zen hirugarren ( irabazlearengandik 38 segundo eta 36 ehunenera).
Absolutu mailan, berriz, Zierbena eta Orio dira 2019ko Euskadiko txapeldunak.
Gizonezkoetan, hamalau minutu, bederatzi segundo eta 24 segundoko denbora egin zuen Zierbenak eta alde estua izan zuten finala lehiatu zuten lau taldeek. Orio AEarentzat izan zen zilarrezko domina (segundo eta 55 segundora amaitu zuen) eta Itsasoko Ama ATak eskuratu zuen brontzezko domina (lau segundo eta bederatzi ehunenera). Hala, irabazlearengandik 11 segundo eta 59 ehunenera geratu zen Isuntza laugarrena.
Emakumezkoetan, berriz, hamabi segundo eta zortzi ehuneneko aldea egon zen Orio txapeldunaren eta Deustuko AT txapeldunordearen artean. 16:23.70 markagaz lortu zuten garaipena orioko arraunlariek. Donostia Arraun Lagunak taldeak osatu zuen podiuma, txapeldunarengandik 34 segundo eta 34 ehunenera amaituta.
Sailkapen estropada. Atzoko finalerako taldeak erabakitzeko sailkapen estropada zapatu arratsaldean lehiatu zuten. Ondarroa AEko arraunlariek gizonezkoen absolutu mailako estropada lehiatu zuten, eta seigarren amaitu zuten. Hain zuzen, Zierbena izan zen azkarrena zapatuan: 14:36.36. Isuntza hirugarren sailkatu zen, bederatzi segundo eta hamasei ehuenera, eta ondarrutarrak, berriz, 33 segundo eta 30 ehunenera sailkatu ziren.