Rock doinuak zabalduko ditu Lekeition Burrundada Egunak
Kontzertu akustikoak egongo dira goizean eta Kontzijope Rock jaialdia gauean. Rock zale guztiak gonbidatu dituzte plazako bazkarira.
Burrundada elkarteko kideak, 2019ko jaiko egitarauagaz. Argazkia: Burrundada Hamalau urtez Lekeitioko kontzijopea rock doinuz betetzen aritu ondoren, egun osoko jaialdia prestatu du hamabosgarren urteurrenerako Burrundada Lekeitioko musika taldeen elkarteak. Horrela, Kontzijopeagaz gain, udaletxe aurrea, Konpainiako eliza aurrea eta plaza ere estilo ezberdinetako musika taldeen oholtza bihurtuko dira zapatuan [ekainak 1], nahi duen guztiek Burrundada Egunagaz gozatu ahal izateko.
Ekintza ezberdinekin osatu dute egitaraua. 12:00etan akustikoekin hasiko dira. Burrundada elkartekoek azaldu dutenez, goizekoak kontzertu lasaiagoak izango dira, eta gabekoak indartsuagoak. Hiru taldek joko dute goizean udaletxe aurrean: Lilura, Nabil eta Beencans taldeek. Hirurak, 40 bat minutuko kontzertu laburrak eskainiko dituzte.
15:00etan Rock zaleen I. Bazkaria egongo da plazan. “Bazkaria deitu badiogu ere, mokadutxoa hartzeko aukera egongo da, modu informal batean”, zehaztu dute. Bazkarira, gainera, herriko edota eskualdeko rockzale guztiak gonbidatuta daudela jakinarazi dute. “Argi utzi nahi dugu ez dela bakarrik elkartekoentzako; mundu guztiak parte hartzea nahi dugu”.
Bazkalosterako berriz, jam sesion saio bat prestatu dute, eta Konpainiako eliza aurrea aukeratu dute zuzeneko musika inprobisaturako. “Instrumentuak jarriko ditugu guk eta animatzen diren guztiak edukiko dute aukera jotzeko”. Bien bitartean jolasak ere egongo dira. “Rockeroen jolasak izango dira, makilekin esate baterako”, aurreratu dute.
19:00etatik 22:00etara txikiteo musikatuan arituko dira, eta 22:00etan hasiko da Kontzijope Rock. Lau talde aterako dira, aurten, jaialdiko agertokira, G.A.Z. Limbo eta Drunk Smile lekeitiarrek, Lukiek eta Eraso metal talde ezagunak jarriko dute erritmoa hamabosgarren jaialdian.
Kontzertuetako sarrerak 3 euro balioko ditu, baina kontsumizio bat sartzen dela jakitera eman dute antolatzaileek. Sarrerak Kontzijopeko atarian bertan erosi ahalko dira.

Kontzijope Rock jaialdiko kontzertua. Argazkia: Eneko Zuberogoitia
Bestalde, goizeko kontzertuekin batera azoka txiki bat ere egongo da. Bertan, Burrundada elkarteko taldeek grabatutako CDak eta maketak eta ateratako kamisetak edota pegatinak eskuratzeko aukera egongo da, “prezio ekonomikoan”.
Martxa onean. Lekeitioko musika eszena bizi-bizi dago, eta horren erakusle izango da zapatuko Burrundada Eguna. Hamabost talde inguruk osatzen dute gaur egun, Lekeitioko rock taldeen elkartea, eta askok Burrundada zer den ez dakiela-eta jaialdia elkartea ezagutzera emateko bide bat ere izango dela diote.
Kultur etxea dute bilgune Lekeitioko rock taldeek. Talde guztiek kultur etxeko gela batean entsegatzen dute, txandaka, eta konponketa batzuk eginda, oraindik inauguratu barik daukaten estudio txiki bat sortu dutela aitatu dute elkarteko kideek, “grabaketak egiteko modura dago jarrita”.
Urtarriletik Burrundada Egunari forma ematen aritu da elkartea, “ilusio guztia jarri dugu estreineko jaialdia ondo ateratzeko”.