Kontzijopetik haratzago eraman du musika Burrundada Egunak
Gerizpetik jarraitu ditu goizeko kontzertuak publikoak, txistu eta txaloekin. Eguerdian jende asko batu da udaletxearen bueltan.
Nabil taldearen kontzertua udaletxe aurrean. Estilo askotako musikagaz gozatzeko aukera ekarri du Burrundada Egunak gaur [ekainak 1] Lekeitiora. Herriko musika taldeek urteak daramate Kontzijope Rock jaialdia antolatzen, eta aurten buelta bat gehiago eman diote ekimenari egun osoko jaia antolatuz. Burrundada musika elkartearen kamiseta gorriak soinean, Lekeitioko musika taldeetako kideek, herritar guztiengana bai eta gaur Lekeition batu diren bisitari guztiengana helarazi dute musika eta giro ona.
Udaletxe aurreko eskailera aurrea agertoki bihurtu eta akustikoekin hasi da eguna. Jende aurrera irtetzen lehenengo taldea Beer Cans izan da, ondoren Liyura taldeko Jon Arandok jarri du giroa looperraren laguntzagaz, eta azkenik Nabil taldeko Unai Egia, David Figueiras eta Iraun Urkaregik kanta propioak eta bertsioak ere eskaini dituzte. Egia bakarka ere aritu da bere gitarrarekin.
Gerizpetik jarraitu ditu goizeko kontzertuak publikoak, txistu eta txaloekin. Eguerdian jende asko batu da udaletxearen bueltan, freskagarriren bat hartuz musikaz gozatzeko.
Bestalde, Burrundada musika elkarteko taldeen diskoak eta kamisetak erosteko aukera ere egon da, kontzertu gunearen ondoan, eta batzuek ez dute aukerarik galdu.

Liyura taldeko Jon Arandok eskainitako kontzertu akustikoa.
Bazkaria. Goizeko kontzertuak amaituta, Rock zalien I. Bazkaria egon da plazan. Burrundada elkartekoek nahi duen guztia gonbidatu du mokadutxoa hartzera. 17:00ak aldera, berriz, Konpainiako eliza aurrea izan dute bilgune jam sesio edo saio inprobisaturako, eta jolasak ere egon dira poteo musikatuari ekin aurretik.
Urteroko hitzordua ez da faltako aurten ere. 22:00etan hasiko da Kontzijope Rock. Lau talde aterako dira, kontzijopeko oholtzara, G.A.Z. Limbo eta Drunk Smile lekeitiarrek, Lukiek eta Eraso metal talde ezagunak jarriko dute erritmoa.