Bolari Egunagaz amaitu dute Gipuzkoako Hiru Txirlo Bola Joko Txapelketa
Hiru bolari omendu eta txapelketako sariak banatu zituzten. Lea-Artibaiko bolariak ere egon ziren saria batu zutenen artean.
Hiru omenduak, Txorti eta Loiolaren emazteak eta Mikel Urkia ederazioko lehendakaria. Argazkia: MX3T Gipuzkoako 50. Hiru Txirlo Bola joko txapelketako sariak banatu zituzten zapatuan [ekainak 1] Elgoibarko San Migelen ospatu zuten Bolari Egunean. Sari banaketa egiteagaz gainera, bazkaria ere eduki zuten bola joko zaleek. Guztira, 90 bolari eta bola zale batu ziren Elgoibarko Idotorreko San Pedro jatetxean, Ander Arritxaren musikagaz alaitutako ekitaldian. Lea-Artibaiko bolariak ere egon ziren saria batu zutenen artean: Olatz Arano (Markina-Xemein) emakumeen artean bigarrena, Udai Zelaia (Markina-Xemein) kadeteen mailako irabazlea eta Eli Egia (Markina-Xemein) Elgeta taldeko txapelduna.

Udai Zelaia saria hartzen. Argazkia: MX3T

Olatz Arano saria hartzen. Argazkia: MX3T

Eli Egia saria hartzen. Argazkia: MX3T
Gipuzkoako Bola eta Toka federazioaren laguntzari esker, sari potoloak izan dituzte. “Aurten, 50. urteurrena dela eta, gure bola joko modalitatean federatutako bakoitzak, oroigarri bat jaso du, merezimendu osoz, zuek gabe ezingo genuke eta aurrera jarraitu”, adierazi du Mikel Urkia MX3T taldeko lehendakariak.
Urtero modura, omenaldia egin zieten bolari batzuei. Oraingoan hiru izan dira omenduak: Jesus Mari Azpiazu Txorti, Joxe Mari Azpiazu Santa eta Julian Loiola. Xabier Loiola Armaxiok bertso bana bota zizkien, eta egunari agur esateko, Maria Luisa Zuloagak, irrintzi eder bat eskaini zien guztiei, bat baino gehiagori, malkoak ateraraziz.
Gipuzkoako txapelketa amaituta Bizkaiko jaietako botaldietarako prestatuko dira bolariak.