Haritz Garate lekeitiarrak Luarcako Triatloia irabazi du
153 triatletak parte hartu zuten norgehiagokan. 0.59.02 denboran amaitu zuen Garatek proba.
Joan den domekan [ekainak 2] Asturiasko Luarca herrian lehiatu zen Luarcako III. Sprint Triatloian nagusitu zen Haritz Garate lekeitiarra. Asteburuan Euskal Herrian triatloirik ez zegoela eta inguruetakoetara joan ziren Amandarri Taldeko kirolariak, eta azpimarratzekoa izan da Garatek lortutako emaitza.
153 triatletak parte hartu zuten norgehiagokan, eta 750 metro igeri, 18 kilometro bizikletan eta ia bost kilometro aringa-aringa egin behar izan zituzten. 0.59.02 denboran amaitu zuen Garatek proba. 9 minutu eta 55 segundotan osatu zuen igeriketako distantzia, 30 minutu eta 9 segundotan txirrindularitzako atala eta 17 minutu eta 32 segundotan aringa-aringako ibilbidea.
Emaitza onak. Martxa onean dabiltza Lekeitioko Amandarri Triatloi Taldekoak. Iruñeako Ironman erdian eta Senpereko taldekako triatloian ere parte hartu dute. Senperen bost talde aurkeztu ziren, eta hiruk podiumera igotzea ere lortu zuten: taldekakoan 3. postua eta mistoan ere 3. postua lortu zuten, bai eta bikotekako triatloian ere.
Iruñean, berriz, 9 taldekidek hartu zuten parte, eta 1.200 parte hartzailetik bi sartu ziren lehenengo hamarren artean: Haritz Garatek 7. postuan amaitu zuen eta Julen Sagastibeltzak 10. postuan. Taldekako sailkapenean ere aurrean ibili ziren.
Euskal Herriko Zirkuituari dagokionez, Getarian eta Hondarribin ere emaitza onak lortu zituzten. Taldea hirugarren postuan geratu zen Getarian eta bigarren Hondarribin.