Elkartasun erronka bat abiarazi du David Razkin markina-xemeindarrak
Errumaniako umezurztegi bat lagunduko du bizikleta bidaia bat eginez. 'Kuba’ bere txakurra izango du bidelagun. Proiektua barikuan [ekainak 7] aurkeztuko du, 20:00etan, Markina-Xemeingo Uhagon kulturgunean.
4.000 kilometro egingo ditu Errumaniaraino David Razkin markina-xemeindarrak Kuba bere txakurragaz lagunduta. Helburu bikoitza dauka bidaiak, elkartasuna eta abentura. Beste uda batzuetan ere, Guatemalan eta Salbadorren boluntario egon bada ere, aurtengo udan zer edo zer berezia egin nahi izan du bederatzi urtez Bilboko Maristetan DBHko irakasle diharduen gazteak. Zakutoak ilusioz bete abiatuko da ekainaren 30ean Bucaresteko Case ale Sperantei umezurtz etxeari laguntzera.
Guatemalan bi urte eta El Salbadorren beste uda bat; 2011, 2012 eta 2015 urteetan hilabete eta erdi, ia-ia opor guztiak egin zituen boluntario Razkinek, «oso gustura». Umeek falta handia daukatela dio, premia handia, eta eurei entzun eta pixkat balioan jartzea besterik ez dute behar. Esperientzia hori bizita, beste zer edo zer egin nahi izan du uda honetan. Iazko udan hasi zen buruari bueltak ematen. Bere ikasle ohi bat Andeetatik ibili zen bizikletan, 10.000 kilometro egin zituen, eta jarraipena egin zion. Razkin bera, aurretik ere, Athleticen finaletara joan izan da bizikletan, Madrilera eta Valentziara ere bai, sakua, alforjak eta bizikleta hartuta. Beraz, bidaia bizikletaz egitea izan zen erabakietako bat.
SED Solidaridad, Educacion Desarrollo Maristek daukaten gobernuz kanpoko erakunde bategaz egin ditu orain arte boluntariotzak, eta beste ze auzolandegi dituzten ikusi zuen.
Mapa prest. Ibilbidea zein den ere erabakita dauka, beste guztia inprobisatu egingo du. «Kanpin denda, ura eta janaria dagoen bitartean, beti aurkitzen da leku bat, beti aurkitzen da jende jatorra». Aurreko esperientzietan ere jende jatorra aurkitu du, eta horren beldurrik ez dauka, zero. Gabonetan prestatu zuen ibilbidea.
Polita izatea izan du helburu. Kostatik joan ahal zen, baina Pirineoak igaroko ditu, bai eta Alpeak ere. Frantzian Maristen fundazioko herria bisitatzeko asmoa ere badauka, Lionen azpian. Italia, Eslobenia, Kroazia, Bosnia, Serbia, Bulgaria eta Bucarest; egunean 70 kilometro baino gehiago ezingo dituela egin dio, eta, beraz, bidaiak 60 egun eramango dizkio, bi hilabete. Gutxi gorebehera abuztuaren 30ean heltzea da bere helburua.
Ez da esku hutsik ailegatuko. Crowdfunding bidez bertara eramateko diru bilketa bat egiten ari da Razkin. Umezurtz etxeko zuzendariagaz berba eginda, dirua eskolaz kanpoko jardueretara bideratuko dute. Proiektu berezi honi Txakurbizi deitu dio, eta Kukumiku elkartasun proiektuentzako crowdfundinga egiten duen fundazioaren bidez egiten ari da diru bilketa, Internetez.
Laguntza iristen hasi zaio apurka-apurka. 4.000 euroko helburua dauka, kilometro bakoitzeko euro 1 lortzea, eta erdia baino gehiago darama bilduta. Bere helburua ez zen dirua ateratzea. «Jendearengana eta ikasleengana heldu nahi nuen; jendearen sentsibilizazioan eragin». Argi utzi du, gainera, batzen den euro bakoitza proiektura doala, Case ale Sperantei umezurtzegiko umeentzat. «Bidaia eta material guztia nire esku daude, neure kontu doa dena».
Kuba izango du lagun abenturan. Txakur formala eta esanekoa dela dio. Bizikleta atzean joango da; bizikletaren parrilan kutxa bat jarri dio nekatzen denean barruan bidaiatzeko. Txakurrak egunean 20 km egitea aurreikusten du, asfalto gainetik joan behar badira gutxiago, eta botatxo batzuk ere erosi dizkio bai eta arnes berezi bat ere, eta beso metaliko bat jarri du bizikletan biak batera joateko.
Bucarestera heltzen direnean, hilabete osoa bertan egiteko asmoa dauka Razkinek «umeei laguntza eman eta konpainia egiten», eta irailaren amaieran hegazkinez itzuliko da etxera.
OHARRA: erreportaje osoa barikuko egunkarian irakurgai.