Ibilaldiko inbertsioa berdindu eta proiekturen bat bideratzea lortu du Lekeitioko Azkue ikastolak
Ibilaldiko eguraldi txarraren eraginez aurreikuspenak ez ziren bete, eta egoeraren larritasuna ikusita, euskal komunitateari laguntza eskatu zioten. Erantzuna "berehalakoa eta erraldoia" izan dela esan dute.
“Euskaraz esan genezakeen modu guztietan esango dugu, eskerrik asko, mila esker, esker anitz!”, esan dute gaur goizean [ekainak 6] egindako agerraldian Lekeitioko Azkue Ikastolako ordezkariek. Azken asteak gogorrak izan direla gaineratu dute. Ibilaldiko eguraldi txarraren eraginez aurreikuspenak ez ziren bete, eta egoeraren larritasuna ikusita, euskal komunitateari laguntza eskatu zioten. Erantzuna “berehalakoa eta erraldoia” izan dela esan dute. Jasotako elkartasunarekin eta Ibilaldi egunaren aurretik egindako lanarekin, Ibilaldi eguneko inbertsioa estali eta aurreikusitako proiekturen bat egiteko beste lortu dutela esan dute.
“Urtean egin dugun lan gogorra eta jasotako elkartasunari esker, neurri batean gure proiektua aurrera eramateko aukera izango dugu”, esan du Maitane Hidalgo ikastolako zuzendariak.
“Euskal Herriko txoko guztietatik jaso dugu laguntza. Baina laguntza ekonomikoaz gain, asko eta asko izan dira beraien burua lanerako eskaini dutenak edota beraien kultur ikuskizunagatik kobratzeari ere uko egin diotenak, eskerrik asko guztioi”, azaldu du Ainara Ikaran Azkue Ikastolako lehendakariak.
Azken zazpi urteetan umea ardatz izanik, haratzago joan eta hezkuntza eraldatzeko hautua egin du Lekeitioko Azkue ikastolak. Modu horretan, ikastola “berri eta aberats bat” eskaini nahi izan diote ikasleari, bere osotasunean garatu dadin. Hori horrela izanik HH eta LHn hezkuntza proiektu berriak garatu dituzte, eta aurrera begira eraldaketa hori kanpo espaziora gehiago zabaldu nahi dute. “Hori dela eta, herritarren ekarpenei esker kanpo espazioaren eraldaketari ekingo dio orain Azkue ikastolak”.