Juan Luis Ituarteren ‘Begiradak’ erakusketa, hilaren 30era arte, Berriatuan
Inaugurazioa barikuan [ekainak 14] izango da, 19:00etan. Asterrikako bizilagunak diziplina ezberdinak erabiliz sortutako artelanak bildu ditu obra bakarrean. Barikuetan eta zapatu-domeketan egongo da ikusgai
Juan Luis Ituarte Balenziaga Berriatuko Asterrika auzoko bizilagunaren Begiradak erakusketa inauguratuko dute barikuan [ekainak 14], 19:00etan, Berriatuko Goikolau kultur elkartearen lokalean. Erakusketa hilaren 30era arte egongo da ikusgai.
Besteak beste, marrazkiak, margoak, narratiba edota teknika digitalak erabiliz, Ituartek hainbat ikuspuntu bildu nahi izan ditu obran. «Bizitzan gertatzen den moduan, gauza konkretu baten aurrean, norberaren begiradaren galbahetik pasatuz, denok daukagu ikuspegi propio eta ezberdin bat. Begirada horiek eztabaidagarriak dira askotan, baliagarriak gehienetan», dio Ituartek. Edonola ere, artelanen bitartez artista berriatuarrak zerbait esan nahi dio ikusleari, zerbait sentitu arazi.
Erakusketa ondoko ordutegian egongo da ikusgai: barikuetan 18:00etatik 20:00etara, eta zapatuetan domeketan 11:30etik 14:00etara.
Ituartek dio txikitatik gustatu izan zaiola marraztea, margotzea eta sortzea. «Horregatik, unibertsitatera joateko orduan, en nuen eduki zalantzarik: Arte Ederrak ikastea zen lehen aukera. Eta han ikasi nuen, nire kasuan pintura, bodegoi, paisaia edo erretratu bat baino gehiago izan zitekeela». Gauzak adierazteko beste hizkuntza bat, ezezaguna zen bide desberdin bat zela ikasi zuen, «berria eta aukerez betea».
Digitalizazioan sakontzen. Arte Ederrak amaitu eta gero, doktoretzarako ikasketak hasi zituen, pinturan gehiago murgildu nahi zuelako. Eta ostean, ilustrazioko graduondoa egin zuen, Bartzelonan. «Han pepera, arkatza eta ordenagailua hartu behar izan nituen. Baina teknika digitalak menperatzea falta zitzaidanez, etxera bueltan diseinu grafikoko ikasketak egin eta berriro hasiera berri baten aurrean aurkitu nintzen».
Gaur egun pintura alde batera utzi eta ordenagailuz gehiago aritzen dela dio. «Baina pinturarenganako dudan grinak hor jarraitzen du. Margotzea adieraztea da, esperimentazioa, jolasa, inprobizazioa… Ilustrazioa, ostera, mentalagoa da, narratiboa, historiaren aurkezpena». Orain diziplina guztiak uztartzeko bidean dagoela dio.