Txori batek esanda dakit! ekimenari lotutako ekintzak hasiko dituzte Markina-Xemeinen
Ekimenak natura izango du ardatz aurten. Zapatuan eskuhartze artistiko bat egongo da, eta Ekozinema zikloari hasiera emango diote.
Natura ardatz hartuta, tailer bat, eskuhartze artistiko bat eta Ekozinema ziklo bat antolatu dituzte Herri Bibliotekak, Uhagon kulturguneak eta Sormen Lantegiak. Ekintza guztiak Txori batek esanda dakit! ekimenaren baitan kokatzen dira; haur eta gazte literaturaren bitartez, Herri Bibliotekak urtero gizarteko gai ezberdin bat jorratzen du, eta aurten “Natura” aukeratu dute gai modura.
Ekainaren 6ko Irakurleen Txokoan hasi ziren gaia jorratzen. Horretarako, Wangari Maathai egilearen Con la cabeza bien alta eta Jean Giono idazlearen Zuhaitzak landatzen zituen gizona liburuak landu zituzten.
Zapaturako [ekainak 15] berriz, txikienei zuzendutako tailer bat eta eskuhartze artistiko bat prestatu dituzte. Ekintza bien helburua materialen kontsumo arduratsua eta berziklapenaren eta berrerabilpenaren garrantzia azpimarratzea dela jakinarazi dute, eta tailerraren eta eskuhartze artistikoaren bidez egingo dute lanketa hori. “Gehiago erabiliko ez ditugun eta kontainerrera botatzekoak ziren hainbat CD eta DVD zahar erabiliko ditugu horretarako”. CDak Herri Bibliotekan eta Uhagonen jaso dituzte jada, baina egunean bertan ere eraman ahalko ditu nahi duenak.
Azaldu dutenez, tailerra txikienei zuzenduta egongo da, eta CD bategaz, etxera eramateko eskulan bat egingo dute. Landisk eskuhartze artistikoari dagokionez, Land art teknikan oinarritutako ekimena izango dela argitu dute, adin guztiei zuzenduta, ume zein nagusiei. “CDak erabiliz zuhaitz artean interbentzio bat egingo dugu”. 11:00etan hasiko dira ekintzak.
Zinema. Zapatuan hasiko dira Ekozinema zikloko proiekzioekin ere. Aralar. Mundua leku den lurra dokumentala aurkeztuko dute Uhagon kulturgune kanpoan 22:00etan. Aralarko ondare natural eta kulturalaren leiho izateaz haratago, hausnarketa eta gogoetarako bide ematen du filmak. Bertan agertzen diren adituen adierazpenek eta mundu oniriko bateko pasarteek, Nafarroa eta Gipuzkoaren mugan dagoen mendilerro horren balioa ezagutzera ematen dute, eta kontserbaziorako deia egiten dute.
Garazi Auzmendi, Iban Toledo, Aloña Jauregi eta Ion Fontenla dira zuzendariak, eta auzkezpenean egongo direla jakinarazi dute antolatzaileek.
Beste emanaldi biak Plazabarripeko kultur aretoan izango dira, 18:30ean. Martitzenean [ekainak 18] Energia trantsizioa, Piztu aldaketa! dokumentala emango dute, eta ondoren, solasaldia egongo da Iñaki Barcena Ekologistak Martxaneko kide eta EHU-UPVko irakasleagaz.
Ekologistak Martxanek energia trantsizioaren beharra ikusten du. Gaurko produkzio eta energia kontsumoarekin jarraitu ezinaz kontzientziatuta, alternatibak eraikitzeko beharra ikusten dute. Dokumental horretan beste energia eredu horren bidean doazen kasu ugari plazaratzen dira, aldaketaren beharra azpimarratuz.
Eguaztenerako [ekainak 19] prestatu duten emanaldian lau film laburikusi ahalko dira: Urko Olazabalen Bolintxu, el ultimo valle 22 minutuko dokumentala, Kapitalismoa ipuin bat besterik ez da (6’10”), Yuwara, defendiendo el agua (3’30”) eta Zuk erabaki (2’20”) film laburrak.
Antolatzaileek zehaztu dutenez, udazkenean izango du jarraipena Txori batek esanda dakit ekimenak. “Herriko ikastetxe biei luzatuko zaie programa horretan parte hartzeko gonbidapena, literaturaren bitartez 5-16 urte bitarteko ikasleekin Naturaren gaia lantzeko, hain zuzen ere”.