Errefuxiatuen egoera salatzeko elkarretaratzea egingo da Markina-Xemeinen
Ongi Etorri Errefuxiatuak, Amnistia Internacional, Harresiak Apurtuz eta SOS Arrazakeriak erakundeek deitu dute elkarretaratzea, Errefuxiatuen Nazioarteko Egunaren harira.
Datorren eguena [ekainak 20] Errefuxiatuen Nazioarteko Eguna da. Hori dela eta, Ongi Etorri Errefuxiatuak, Amnistia Internacional, Harresiak Apurtuz eta SOS Arrazakeriak erakundeek antolatutako elkarretaratzea egingo da Markina-Xemeinen. 13:00etan jarri dute elkartzeko ordua Arkupe aurrean, handik Ecia Xemein lantegira abiatzeko.
Errefuxiatuen Nazioarteko Egunean ahazturiko gatazketako biktimak ekarri nahi dituztela gogora azaldu dute antolatzaileek. “Europara gerretatik eta gatazketatik ihesi iristen diren pertsonak, inork gogoratzen ez dituen gerra eta gatazketatik, beharturiko migrazioen arrazoi nagusietakoa diren horietatik, hain zuzen”. Pertsona horiek etxeak eta askotan familiak ere atzean utzi behar izan dituztela gogora ekarri dute, “bidaia arriskutsua egiten hasteko”, eta “bizimodu duin eta seguruaz” bizirik irauteko aukera bat besterik ez dutela nahi azpimarratu dute.
Eskua luzatu beharrean Europako erakundeek pertsona hauenganako daukaten jarrera salatu dute erakundeek, onartezinak direla adieraziz. “Pertsona hauek mugetara heldu daitezen galarazteko politikak onartzen dituzte, edo zaitasunak jartzen dizkiete harrera sisteman sartzeko edo senideekin berriz elkartzeko”.
Euskal Herrian fabrikatutako, eta besteak beste, Saudi Arabiari saldutako armak direla dioteĀ pertsona hauek errefuxatu bihurtzen dituztenak. “Europak ez ditu gatazka hauek aitortu nahi, baina jende zintzoak ezin dugu onartu pertsona hauen tragediak ahazterik”.
Markina-Xemeingo ekitaldiagaz gainera, manifestazioa egongo da eguenean Bilbon. 19:30ean irtengo du manifestazioak Arriaga Antzokitik.