Euskarazko ikus-entzunezkoak ekoizteko Benito Ansola sarian izena emateko epea zabaldu dute
18 eta 36 urte bitarteko gazteei bideratutako 3.000 euroko sariaz gain, lan irabazlea Euskal Zine Bileran estreinatuko da.
Euskaltzaleen Topaguneak, Lekeitioko Udalak eta Euskal Zine Bilerak aurten ere, babesa emango diete sortzaile gazteei, euskarazko ikus-entzunezkoak ekoizten laguntzeko. Horretarako, Benito Ansola sariketaren bidez, ekoizle gazteen lanak bultzatzea bilatuko dute proiektu irabazleari 3.000 euroko saria emanez.
Benito Ansola sariak euskarazko ikus-entzunezkoen sorrera sustatzea bilatzen du, 18 eta 36 urte bitarteko gazteei bideratutako saria eskainiz eta haien lanak erakusleiho ezin hobean jarriz. Diru sariaz gain, lan irabazlea Euskal Zine Bileran estreinatuko da.
Berrikuntzak. Aurtengo sariketan aurrerapauso gehiago eman dituzte lanak aukeratzerako orduan. Irabazlea ezagutu aurretik, hiru lan aurre-aukeratuko dituzte eta egileek Lekeition ospatuko den Euskal Zine Bileran aurkeztu beharko dituzte. Saritutako lana jaialdiaren itxiera ekitaldian jakinaraziko dute eta 10 hilabeteko epea edukiko du proiektua burutzeko.
Proiektuak aurkezteko azken eguna irailaren 2a izango da. Lehiaketaren inguruko informazioa eta oinarriak Kameratoiaren webgunean jarri dituzte ikusgai.