Urruñako emakumearen hilketa matxista salatzeko protestak deitu dituzte Lea-Artibain eta Mutrikun
Bariku [ekainak 21] arratsaldean egingo dira elkarretaratzeak, besteak beste Ondarroan, Mutrikun, Munitibarren eta Markina-Xemeinen.
Urruñako (Lapurdi) emakumearen hilketa matxista salatzeko elkarretaratzeak deitu dituzte Lea-Artibain eta Mutrikun. Astelehenean [ekainak 17] etxean hilda aurkitu zuten Nayie Nervi 81 urteko emakumea. Poliziak uste du bikotekideak hil zuela, eta gero bere buruaz beste egin zuela gizonak.
Bariku [ekainak 21] arratsalderako egin dituzte, batez ere, Urruñako hilketa matxista gaitzesteko deiak emakume talde eta udalek.
Mutrikun, EMAk deituta, elkarretaratzea egingo da 19:00etan, Goiko Plazan.
Munitibarko Udalak ere egingo duten elkarretaratzean parte-hartzeko deia zabaldu du. Elkarretaratzea 19:30ean egingo da, bidegurutzean.
Ondarroako Udalak, Berdintasun Kontseiluak eta Etxelilak ere elkarretaratzea deitu dute. 19:00etan jarri dute batzeko ordua, Alamedan. Horrez gain, udaletxeko banderak masta erdira jaitsiko dituztela jakinarazi dute, eta herritarrei bertan parte hartzeko deia egin diete.
Protesta egingo dute bai eta Markina-Xemeinen ere. Udalak 19:00etan, udaletxe aurrean elkartzeko deia luzatu du.
Peñanekua Plazan batuko dira etxebarritarrak protesta egiteko. EMARE Etxebarriko emakume talde feministak deitu du elkarretaratzea. 19:30ean jarri dute batzeko ordua.
Euskal Herrian indarkeria matxistagatik 2003tik hildako 99. emakumea izan da Nayie Nervi, 2003tik Lapurdin hildako 23. ena. Indarkeria matxistak 2019an Euskal Herrian hildako lehen emakumea izan da.