50 kirolari batu ditu Lekeitioko Gazte Triatloiak
Mailaren arabera distantzia ezberdinak osatu behar izan zituzten gazteek. Ekaineko kirol jardunaldiekin amaitzeko 22. Kilin Kala igeriketa zeharkaldia antolatu dute zapaturako.
Benjamin, alebin eta infantil mailetako 50 gaztek egin zuten zapatuan [ekainak 22] Garraitz Kirol taldeak antolatutako Gazte Triatloia. Eguraldia lagun, triatleta gazteak gustura ibili zirela jakitera eman dute antolatzaileek.
Mailaren arabera distantzia ezberdinak osatu behar izan zituzten gazteek. Portuan egin zuten igeri 100 metro, 200 metro eta 400 metroko distantziak osatuz eta ondoren bizikletak hartuta, ranpatik kofradi aurreraino bueltaka ibili ziren kirolariak. Amaitzeko aringa-aringa egin zuten Abadeen moilan edo handik elizaraino.
Garraitz taldekoek azaldu dutenez, gazte batzuk goragoko mailara igaroko dira datorren urtean, eta hasi zirenetik aurrerapausoak eman dituztela ikusten dela nabarmendu dute. “Federatuak izatera igaroko dira; pozik daude eurak eta bai eta gu ere eduki duten garapena ikusita”.
Igeriketa proba. Ekaineko kirol jardunaldiekin amaitzeko 22. Kilin Kala igeriketa zeharkaldia prest dauka Garraitz Kirol taldeak. Zapatuan [ekainak 29] egingo dute proba, 15:30ean hasita. “Mareak goian egon behar du probarako, eta horregaitik hasiko da ordu horretan”, argitu dute.
15:30ean irtengo dira nagusiak, eta horien ondoren txikiak. Nagusiek 1.900 metroko zeharkaldia osatu beharko dute, irlari buelta emanda. Infantilek, ordea, 600 metroko luzean egin beharko dute igeri, eta hortik beherakoek 200 metro. “Guztiek egun berdinean igeri egiteko aukera edukiko dute”.
Momentuz 250 igerilarik eman dute izena, hala ere, oraindik parte hartzeko aukera badago. Horretarako, Sailkapenak webgunean eman behar da izena.
Igerilariek hartu behar dituzten gauzak: txanoa, txip-a, kamiseta… egunean bertan hartu ahalko direla jakinarazi dute, 13:00etatik aurrera, portuan jarriko duten mahaian. “Eguraldi ona emanda dago, beraz, portura hurbiltzera animatzen dugu jendea, bai ikustera zein parte hartzera”.