Elorrioren I. Memorialaren finalaurrekoak jokatuko dira uztailaren 5ean
Finalaurrekoetan egongo diren maila bakoitzeko pilotariak erabakita daude, bai eta finalean egongo diren bikoteetako bat ere. Markina-Xemeingo eskolak antolatzen duen Karmen Saria ere jokatzen hasi dira Uni frontoian.
Victor Bereikua Elorrio zesta-puntako izarra izan zen pilotariari gorazarre egiteko asmoz, Markina-Xemeingo Pilotaren Unibertsitatean jokatzen ari diren memoriala amaierara heltzen ari da. Uztailaren 5ean jokatuko dira finalaurrekoak, eta finala uztailaren 20an erabakiko da. Bata zein bestea, 19:00etan hasiko dira.
Markina-Xemein, Berriatua, Gernika-Lumo, Zumaia, Mutriku, Bermeo, Iparralde eta Gasteizko punta-puntako pilotariak batu ditu Elorrioren omenezko norgehiagokak. Hiru kategoriatan banatuta jokatu dute pilotariek: gazte, nagusi eta elite mailan. Maila bakoitzean sei bikote ibili dira lehian, eta finalaurrekoetan egongo diren maila bakoitzeko pilotariak erabakita daude, bai eta finalean egongo den bikote bat ere. Izan ere, talde bakoitzetik lehen postuan geratu den bikotea zuzenean finalerako sailkatu da, eta finalaurrekoa jokatuko duten beste bikote bietako bat izango du aurkari finalean.
Gazte mailari dagokionez, Eñaut-Iriondo eta Zelaia-Alain bikoteek jokatuko dute uztailaren 5eko finalaurrekoa. Nagusien mailako norgehiagoka Alex-Danel eta Urrejola-Unda bikoteen artekoa izango da, eta azkenik, elite mailan, Kosme-Manzi eta Gaizka-Ibarluzea neurtuko dira.
Lehen postuan geratuta, finalerako zuzeneko pasea eskuratu duten bikoteak hauek dira: Gazte mailan, Arakis-Oier; nagusien mailan, Aaron-Atain II; eta elite mailan, Hormaetxea-Etxeba.
Karmenetako txapelketa. Beste alde batetik, Markina-Xemeingo Zesta-Punta Eskolak urtero antolatzen duen Karmen Saria ere jokatzen hasi dira Uni frontoian. Joan den barikuan [ekainak 21] hasi zuten txapelketa, eta Santi Olabe Markina-Xemeingo Zesta Punta Eskolako entrenatzaileak azaldu duenez, kiniela erara jokatuko dute maila ezberdinetan.