Arrantzaleen usadioak gogoan edukiko dituzte lekeitiarrek
San Pedro jaiak ospatuko dituzte Lekeition barikutik astelehenera bitartean. Erraldoi bikote berriak alaituko du herria.
Ekintzaz betetako asteburua daukate aurretik Lekeition. Lau egunetako egitaraua prest dago San Pedro jaiak goi-goitik ospatzeko. Betiko modura, arrantzale munduko tradizioak jarraituko dituzte sanpedroetan lekeitiarrek –Dei eittekuak, San Pedroren omenezko prozesioa, Kilin Kalakoa eta Kaxarranka–, eta gainerako usadio eta ekimen berriekin emango diete sanpedroei dagozkien ukitu berezia.
Bariku [ekainak 28] arratsaldean hasiko da giroa berotzen. Lekeitioko buruhandi eta erraldoiak kalerik kale ibiliko dira Itxaropena txistulari elkartekoekin lagunduta festa giroa zabaltzen. Aurten, gainera, buruhandi eta erraldoien familia handituko da. Don Terentzio eta Doña Tomasa herriko erraldoiek lagun berriak edukiko dituzte, betiko erraldoiei bikote berri bat gehituko zaie. Gaur eta San Pedro Txiki egunean irtengo dira denak.
Argazkietan. Usadio zaharrez gain, zapatuan [ekainak 29], Lekliktxo Lekeitioko Argazkilaritza Elkarteak antolatuta, III. Argazki Rallya egingo da. Izena egunean bertan eman beharko da Kofradia aurrean, 09:00etatik 11:00etara, eta 17:00ak arte edukiko dute parte hartzailek argazkiak entregatzeko aukera. Jakinarazi dutenez, 16 urtetik gorakoek parte hartu ahalko dute mugikorragaz zein kamaragaz argazkiak aterata. Lehiaketan hiru gai jorratuko dira, eta hiru bilduma onenak eta argazki onena sarituko dituzte. Izena emateko orduan 6 euro ordaindu beharko dira.
Aurreko urteetako irabazleen lanak ezagutzeko aukera ere egongo da jaiek iraun bitartean Otoio, Mantxua eta Goitiko tabernetan; bakoitzean hiruna argazki jarriko dituzte.
Zapatuan jokatuko da, bai eta ere, Akarregi Pilota Taldeak antolatutako Lekeitioko XIV. Buruz buruko Eskupilota Txapelketaren finala Santi Brouard frontoian. Alebin mailan, Izei Urkidi-Aitor Akarregi eta Iker Eiguren-Ibai Azpizu bikote lekeitiarrak neurtuko dira; infantil mailan, Markel Aranberri lekeitiarra eta Mikel Egurrola etxebarritarra eta Ekain Idigoras eta Eritz Arrillaga Etxebarriko bikotea aurkituko dira aurrez aurre, eta kadete mailako finala Igotz Aranguena eta Martxel Urkidi bikote lekeitiarraren eta Markel Egurrola eta Jokin Alvarez Etxebarriko bikotearen artean erabakiko da.
20:00etan hasiko dira danbor hotsak entzuten herrian. Eguenean [ekainak 27] eduki zuten azken entsegua Zaletxuak taldeak antolatutako danborrada herrikoian parte hartuko duten guztiek, eta ikastola aurretik hasiko dute kalejira, Aittitta Makurra txarangaren laguntzagaz.
Musikagaz amaituko da San Pedro Eguna. Lehenengoz, kamioi erraldoi bat jarriko dute portuan, Marina tabernaren aurrean San Pedro kofradiara begira, eta agertoki horretara igoko dira Endara Deejays-eko Djak herritarrak eta jaietara hurreratutako guztiak dantzan jartzeko.
Txiki eta Baltz. Traineru estropadak, musika eta 37. Irrintzi Txapelketa ekarriko ditu San Pedro Txikik [ekainak 30]. Urtero modura, gainera, Eguzkilore abesbatzak, Marina aurrean, udaletxeko eskaileratan eta Baserri tabernan abestuko du kantua herriko gune ezberdinetara eramanez. San Pedro Baltzak [uztailak 1], ostera, meza eta lore eskaintza izango ditu astelehenean, bere irudiaren aurrean, Tortola kalean.